Kresala Kultur Elkarteko kideek dena prest dute zapaturako [maiatzak 30]. Aurten elkarteak 49 urte egingo ditu, eta 50. urteurren jairako motorrak berotzen hasita daude ondarrutarrak.
Urtero egin modura, elkartea osatzen duten kideek egitarau oparoa prestatu dute. Beste urte batez, herritar guztiak eurekin batera dantzan egin eta gozatzera gonbidatu dituzte. Hain zuzen ere, aste luzez prestaturiko dantzak kalera aterako ditu Kresala Egunak.
Jaiari hasiera elkartearen egoitzaren (Artabide 23) aurrean emango diote, 12:30ean. Ohitura bilakatu den modura, elkarteko presidenteak ikurrina altzatuko du balkoian, eta han batutako dantzariek agurra egin eta gero, jaia ofizialki hasiko da.
Dantzariek iaz Ondarroako alde zaharrean eskainitako saioa
Trikitilariek eta txistulariek lagunduta, Artabidetik alde zaharrera kalejiran joango dira jai giroa herrirantz zabalduz. Lehen geldialdia Nasa kalean egingo dute, zubi zaharraren inguruetan. Hantxe, eguneko lehen saioa eskainiko dute dantzariek.
Nagusien taldea azken asteotan jo eta su aritu da Kresala Egunerako dantzak prestatzen. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, beti-betiko dantzez gain, normalean kaleratzen ez dituzten dantzak ere eskainiko dituzte.
Aurten gainera, dantza herrikoi gehiagoz gozatzeko aukera izango dute herritarrek: makil dantzaz edo ezpata dantzaz, esate baterako. “Normalean egiten ez ditugun dantzak kalera ateratzeko esperantza dugu zapatuan. Dantzariak denbora luzez gogor entsegatzen aritu dira, eta dantza saio landuagoa eskaintzeko asmoa dute”.
Alde zaharreko saioagaz amaitu ostean, eguerdian beste bi saio eskaniko dituzte. Hurrengoa Alamedan egingo dute, eta azkena Itxas Aurre Plazan.
Iaz Alamedan eskainitako dantza saioa
Itxas Aurreko saioa amaitu eta gero, Antiguako Ama elkartean bertso bazkaria egingo dute Onintza Enbeita eta Eneko Arrate bertsolariekin batera. Bertara hurreratzen direnek, giro onik ez dute faltako.
Bertso bazkariagaz, gainera, aspaldi bateko ohiturak berreskuratuko dituzte. “Lehen ere bazkaritan bertsolariak egoten ziren, eta oraingo honetan ere, bazkal osteko giroa berotzeko aukera aproposena dela iruditu zaigu. Barrerik ez da faltako behintzat”.
Bertso bazkarian parte hartu nahi duten guztiek aurretik eman beharko dute izena. Horretarako azken eguna bariku [maiatzak 29] arratsaldea izango dela azpimarratu dute Kresalako kideek. Nahi duen guztiak Artabide 23ko egoitzara hurreratu edo elkarteko kideekin jarri beharko du harremanetan.
Jendea dagoeneko izena ematen hasia dago, eta bazkaritan talde ederra batuko direlakoan daude. “Nahi duena etortzera gonbidatuta dago”.
Itxas Aurre Plazan eskainitako dantza saioa
Bapo bazkaldu eta bertsolarien ateraldiekin barreren bat edo beste bota ostean, Artabidetik Itxas Aurrerantz kalejiran irtengo dute, 18:30ean.
Handik gero, Musika Plazarantz joango dira kalerik kale eurekin dantzan egitera animatzen diren herritarrekin batera. Eguna hantxe agurtuko dute Larrain dantza herrikoiagaz.
Aurten ere, plazan batzen diren guztiak dantzan ipini nahi dituzte elkarteko kideek. “Gurekin batera dantzan egitera gonbidatu nahi genituzke denak. Lotsak alde batera utzi, eta ondo pasatzeko tartea egongo da. Denontzako tokia dago”.
Kresala Eguna, egitaraua
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.