EH Bilduk herri batzarrak egingo ditu Mutrikun eta Berriatuan
Bi batzarrak hilaren 11an izango dira (eguena). Berriatuan, “hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako funtzionamendua” izango dira hizpide. Batzarra 19:00etan izango da, bideo gelan. Eta batzar horretara herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte deitzaileek. “Animatu eta etorri! Izan eraldaketaren partaide”.
Mutrikuko batzarra ere 19:00etan izango da, Zabielen. Kasu horretan, EH Bilduk, hauteskundeek “mezu argi bat” utzi dutela diote. “Alderdi edo koalizio guztioi mezu argi bat utzi digute: Mutriku guztien artean gobernatu behar da eta egizue ahalegin guztia”.
Denaren gainetik, baina, Mutrikuko EH Bilduk herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie. “Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiogu herri osoari eta bereziki, oraingoan ere, gugan konfidantza jarri duzuenoi”. Hauteskundeen emaitzak aztertuz gero, herrian “lehen indarra” izan direla diote. Halaber, Mutriku “guztien indarrez, ekarpenez eta ahaleginez aurrera ateratzeko” ahalegina egingo dutela diote. “EAJrekin eta B+Irekin helburuak eta funtzionamendua partekatzeko bidea baino ez dugu ikusten. Gure iritziz, hau da guztioi herriek eman digun mezu argia, eta bide horretan, ahalegin handia egingo dugu”.