Hilketa «gaur bertan izango balitz bezala» gogoratzen zutela aitortu zuten Jose Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez Murgia Murgi-ren arrebek joan den domekan, euren anaien hilketari argi izpi bat jartzeko asmoz, Lekeitioko kultur aretoan egin zen ekitaldian. 1972ko irailaren 2an, Xenki eta Murgi zeuden Dendari kaleko etxebizitza inguratu eta bi gazteak hil zituen Guardia Zibilak. Egileek, aurrez aurreko tiroketaren teoria zabaldu zuten orduan, baina, «frogatu ezin duten arren» lekukoek eta gertaeraren xehetasunek hilketaren teoriara daramate.
Xenki eta Murgiren hilketaren egia ezagutu eta ezagutzera emateko helburuagaz antolatu zuen Egiari Zor fundazioak, Lekeitioko Udalaren babesa ere izan zuen ekitaldi hunkigarria.
Azken mende erdian bizitako konfrontazio armatuaren ondorioz, mota askotako indarkeriak egon direla adierazi zuen Maiana Bustinza Egiari Zor fundazioko kideak. «Zorionez indarkeriaren biktima batzuk aitortuak izan dira eta halan nazioarteko legediak nola estatuko nahiz Autonomia Erkidegoetako legeek ematen dizkieten eskubideak erabili ahal izan dituzte». Estatuaren aparatuek erabilitako indarkeriaren biktimak, ordea, orain dela hiru urtera arte, «existitu ere ez zirela egiten» nabarmendu zuen. Norabide horretan, Euskal Instituzioetatik, urrats txiki baina garrantzitsuak egin direla azaldu zuen. Hala ere, gatazkaren testuinguruan erabilitako indarkeriaren biktima guztiak aitortuak izan daitezen eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal ditzaten, oraindik bide luzea egin beharko dela esan zuen. «Poliziaren indarkeriaren biktimez ari gara, espetxe politikaren, errepide kontrolen, eskuin muturraren, gerra zikinaren, torturaren, hiltzeko asmoz tiro egitearen edo sakabanaketaren biktimez».
Ezkerrean, Xenkiren arreba, eta eskuman Murgiren arreba, hitzaldian.
Lekukotasunak
Bakea eta bizikidetza lortzeko, Egia ezinbesteko elementua dela aitatu zuen Egiari Zor fundazioko kideak, eta beraz, Xenki eta Murgiren hilketaren egirantz arraun egiten laguntzeko, garai hartan Lekeitioko medikua zen Juan Bengoetxeak hartu zuen berba.
Xehetasun guztiekin kontatu zuen Bengoetxeak, berak eta beragaz batera gorpuak ikustera joan zen Isidro Salinas medikuak bizitakoa.
Bengoetxeak azaldu zuenez, tiroketaren berri izan bezain laster, 13:00ak aldera, joan zen Dendari kaleko etxera, baina, mediku militar bat etorriko zela esanez bidali zuten. Hala ere, arratsaldean, 15:30ak aldera telefonoz deitu zioten eta mediku militarrik ez zetorrela eta, Isidro Salinas, herriko beste medikuaren laguntzagaz ziurtagiria bete behar zuela esan zioten. Horrela, mediku biek, hilotzak jaso, autopsiak egin eta ikerketa egin zuten.
Xenki ahoz gora aurkitu zuten gela bateko balkoiaren ondoan, behetik gora egindako tiro bakarra zuela. Murgi berriz, beste gela batean ikusi zuten ahoz behera, odol putzu baten ondoan. «Kamiseta zulatuta ikusita, eskumako aldean, gerri ondoan hainbat tiro zituela ikusi genuen, lepotik egindakoak».
Juan Bengoetxea (orduko medikua): “Kamiseta zulatuta ikusita, eskumako aldean, gerri ondoan hainbat tiro zituela ikusi genuen, lepotik egindakoak”.
Mediku biak bere lana egin zuten, baina, zalantza asko gelditu zitzaizkiela aitatu zuen Juan Bengoetxeak. Izan ere, hilketa gertatu eta eurak hilotzak jasotzera joan ziren tarte horretan zer gertatu zen jakiterik ez zegoela azpimarratu zuen. «Agian gorpuak mugitu zituzten zeuden modura jartzeko», esan zuen.
Aretoa bete-bete egin zen
Garai hartako Guardia Zibilak jokatzen zuen eragatik, bestalde, hilketaren teoria posibleago ikusten zuela adierazi zuen medikuak. «Xenkik zeukan bala marka oso zehatza zen, frankotiratzaile batek egindakoa modukoa», zehaztu zuen. Eta garai hartan inguratze operazioetan, Guardia Zibilak frankotiratzailea eramaten zuela gogora ekarri zuen.
Murgiren kasuan, gainera, teoria horrek indar handiagoa hartzen zuela nabarmendu zuen, argi zegoela tiroak atzetik egindakoak zirela. «Kartutxotegi osoa bota zioten, 20 edo 30 bat bala. Karea falta zen horman, beraz, garbitu eta bala guztiak eraman zituztela uste dugu».
Senideen samina
Juan Bengoetxearen kontakizuna adore handiz entzun zuten ondoan jarrita zeuden Mikel Martinez de Murgiaren eta Jose Benito Mujikaren arrebek.
Lekeitiarrengandik jasotako elkartasuna eta maitasuna eta euren anaiak ahaztu ez izana eskertu zuten bihotzez, Izaskun eta Pili Mujikak eta Bego Murgiak, egun hartako oroitzapen gordinak ezagutzera eman aurretik.
Zarauzko Euskal Festa prestatzen ari zirela jakin zutela Lekeition gazte bi hil zituztela azaldu zuen Izaskun Mujikak. Ez zekiten euren etxekoa zen ala herriko beste gazte bat, baina, etxerantz zihoala deitu zion batek, etxekoa zutela ziurtatuz «Ez da gurea» esan zion, baina bai, eurena zen. Beraz, etxera joan eta antolatzen hasi ziren, herriko beste hainbat jendegaz talde bat osatu, eta Lekeitiora etorri ziren. Gorpuak etxera eramatea zuten asmoa, baina, ailegatu zirenerako, lurperatuta zeuden.
Aizpa etxera itzuli zenean anaia lurperatuta zegoela jakin zuten. «Guk ez dugu inor ikusi, ez gorputzik ez ezer, senidea ikusi ez duten bakarrak gara, eta Mikel Martinez de Murgiaren senideak ere bai».
Haurdun zegoela eta, etxean geratu zen Pili Mujika. Aizpa zaharra eta biak etxea prestatzen zenbiltzan anaiaren gorpua hartzeko. Baina, ez zutela ezer abisatzen zeudela-eta atea jo zion Guardia Zibilak. Kuartelera joan zen eurekin eta argazkia erakutsi zioten. «Gerriz gora zegoen erroparik gabe eta eztarrian zeukan bala. “Zuena da”, esan zidan, eta baietz esan nion. “Ederra hiltzailea, ederra demonioa, infernuan badago hobe. Ederra pisua kendu duzue gainetik etxetik hiltzaile bat kenduta”, esan zidan”.
Egiari Zor fundazioak antolatutako hitzaldia
Aizpa etxera itzuli zenean anaia lurperatuta zegoela jakin zuten. «Guk ez dugu inor ikusi, ez gorputzik ez ezer, senidea ikusi ez duten bakarrak gara, eta Mikel Martinez de Murgiaren senideak ere bai».
Hala ere, azkenean, etxekoa Zarautzera eramatea lortu zuten. «Amak ikusi egin nahi zuen berea zen jakiteko eta kutxa zabaldu eta bere burua ikusi genuen».
Mikel Martinez de Murgiaren senideek, berriz, ezin izan dute senidea identifikatu. «Ez daukagu heriotzaren ziurtagiririk ere», azaldu zuen Bego Murgiak. 43 urte ete gero berdin jarraitzen dutela azpimarratu zuen gainera: «Egia jakin barik». Hala ere, egi guztia kaleratzeko aurrera jarraituko zuela esan zuen. «Guardia Zibil frankista haiek gure senideak hil zituztela argi uzteko».
Denentzako bakea egoteko garaia dela azpimarratu zuen Bego Murgiak, eta bere partetik ipintzeko prest agertu zen. «Baina horretarako egia behar dut, nire familiak egia behar du. Nire lobari kontatu nahi diot orduan gertatu zitzaiguna bai eta beste askori gertatu zitzaiena ere».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.