‘Eskamak kentzen’ telesaila grabatzen ari dira Mutrikun

Euskal Telebista, K2000 eta La Competencia Producciones ekoiztetxeekin elkarlanean, Eskamak kentzen izeneko telesaileko eszena batzuk grabatzen ari da herrian.

Gaur [urriak 8], esaterako, Barbara Goenaga, Elena Irureta, Karmele Larrinaga, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre aktoreak kofradiaren inguruan ibili ziren grabatzen.

Elena Irureta aktorea, Mutrikuko kofradia parean.

Elena Irureta aktorea, Mutrikuko kofradia parean.

Telesaila kontserba lantegi baten girorutako komedia bat da eta urtarrilean ikusi ahalko da telebistan. Barruko eszenak Miramongo estudioan grabatzen ari badira ere, kanpokoak grabatzeko Mutriku aukeratu dute.”Mutrikun balearen arrantza usadio izan da. Eta hain zuzen ere, dekoratuen inspirazio izan den lantegiaren aurreko alde hori da Mutrikun grabatzen ari garena”, azaldu dute.

Aipatutako aktoreez gain, ondokoek era parte hartuko dute: Loki Astoreka, Itziar Aizpuru, Maria Urzelai, Ainara Ortega, Itziar Atienza, Amaia Irazabal eta Alberto Berzal.

Karmele Larrinaga aktorea, herritarrekin.

Karmele Larrinaga aktorea, herritarrekin.

Iñgio Lerztuak eta Cesar Rodriguezek (La Competencia ekoiztetxea) garatu dute proiektua. Rodriguezek telesail arrakastatsuak sortu, ekoitzi eta zuzendu izan ditu: Con el culo al aire, Doctor Mateo, Cuestion de sexo, La familia mata, Policias, en el corazon de la calle eta Compañeros.

SINOPSIA: II Tre Velieri kontserba lantegiak hondo jo duela eta, jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, baina, pauso bat aurrera egitea erabakiko dute: lantegia erosi eta kooperatiba sortuko dute. Denak dituzte kontran, eta zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko eskasean egon. Oro har, telesailak eskabetxea egiten lan egiten duten talde baten eguneroko bizitza du ardatz.

PERTSONAIAK

  • ITSASO (Barbara Goenaga): New Yorken exekutibo gisa lan egitetik bere herriko kontserba lantegi bateko kudeatzaile izatera pasatuko da, hankasartze handi bat dela medio. Lanean argi eta bikain jokatzen du, baina bere bizitza pertsonalean, berriz, oso trakets. Etxera itzultzerakoan, bere sustraiekin egingo du topo berriro, eta kontserbagileen izaeraz kutsatuko da.
  • MARI CARMEN (Loli Astoreka): Itsasoren amak janari denda dauka kaian. Bere alaba asko maite du, sentimenduak adieraztea asko kostatzen bazaio ere. Dena ondo iruditzen zaio, berak gauzak beste modu batera egingo balitu ere.
  • MAITE (Itziar Aizpuru): Itsasoren amona galtzeko gutxi eta bizitza gozatzeko gogo asko duen emakumea da. Euskal matriarkatuaren ikurra da. Betidanik, bere garaiari aurrea hartu dion emakumea da. Itsaso eta bera hezur eta mami dira.
  • XOLE (Elena Irureta): Emakume kontserbagile taldeko burua da. Burugogorra da, eta kontserba lantegia salbatu eta neskak alboan ez uztea sartu zaio buruan. Ahalegin handia egingo du horretarako, eta prest dago edozer egiteko bere helburua lortzeko.
  • GARBIÑE (Karmele Larrinaga): Xoleren lagunik onena da. 40 urte egin dituzte elkarrekin lanean. Ezkongabea da, eta gozatzeko prest dago.
  • ITZIAR (Maria Urzelai): Fantasiaz eta ametsez betetako munduan bizi da. 40 urte baditu ere, ospetsu izateko aukera berriro izango duela uste du.
  • NEREA (Ainara Ortega): Haur bikien ama da, eta Itsasoren nerabezaroko lagunik onena. Bihotz zabalekoa da, eta beti dago laguntzeko prest. Gazteegi konformatu ote den zalantza du. Abentura gutxi bizi izanak kezkatzen du.
  • ELENA (Itziar Atienza): Oso lehiakorra da arlo guztietan. Bere bizitzan guztia dago aurretik antolatuta, eta hortik ateratzea arazoa da beretzat. Matiasen neska-laguna da, eta Matias, Itsasoren maitasun platonikoa.
  • MALEN (Amaia Irazabal): 21 urte ditu, eta bost urte daramatza kontserba lantegian. Ez du bizimodu erraza izan, baina jarrera positiboa dauka egoera guztien aurrean. Gauzek itxura txarra badute ere, seguru dagoela ematen du beti.
  • MATIAS (Alberto Berzal): Marinela da, barrabasa bezain xarmangarria. Itsaso, nerabe zela, berarekin maitemindu zen platonikoki, eta orain, herrira itzuli denean, zeharo maiteminduko da berriro.
  • GENARO (Joseba Apaolaza): Il Tre Velieri kontserba lantegiaren jabea da, eta jatorri italiarra duen familiak utzi zion negozioa. Ez da tipo txarra, ez du neskekin eztabaidarik nahi, baina beste asmo batzuk ditu, lan gutxiago eginez diru gehiago irabazteko.
  • ERNESTO (Ramon Agirre): Genaro bere jabearen txakur leiala da Ernesto. Kontserba lantegiaren ardura dauka, eta neskei lana azkarrago egiteko eskatzen die. Neskak oihuka eta modu txarrean tratatzen baditu ere, horien beldur da, baina ezin du hori erakutsi.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend