«Pozik» eta «esker oneko» daudela azaldu diote Hitzari Jokin Arbek eta Jon Zabalak, zesta-punta jokalari moduan hazten ikusi dituen Uni frontoian bertan. Pozik, proiektu berriari ekiteko, eta esker oneko, agurra prestatu dieten eta aurrera egiten lagundu dieten guztiekin.
Jon Zabala eta Jokin Arbe Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Zelan sortu zitzaizuen AEBetara jokatzera joateko aukera?Jokin Arbe. Daniako frontoian tokiak egongo zirela esan ziguten, eta pilotarien ordezkari den Arrieta etorri zen bertatik. Ea jokatzera joan nahi genuen galdetu zigun, eta sailkapen bat egingo zutela azaldu ziguten, puntuazio bategaz. Sailkapen horretan sartu ginen, eta ondoren, intendenteak idatzi zigun kontratua eskaintzeko.
Jon Zabala. Pilotari batzuk erretiratzera zihoazela azaldu zigun Arrietak, eta tokia egongo zela. Beraz, curriculum bat prestatu genuen zesta-punta eskolako jendearen laguntzagaz. Gorka Urkidik asko lagundu zigun eurekin hitz egin eta zelan jokatzen dugun azalduz. Horrela osatu zuten sailkapena, eta zorte onez, aukeratu egin gintuzten.
Denbora luzez ez da joan pilotaririk AEBetara. Egoerak hobera egin duela uste duzue?J.A. Zorte ikaragarria izan dugu. Bederatzi goaz berriak, eta aurretik ateak nahikoa zarratuta egon dira. Pribilegiatu baten moduan sentitzen naiz.
J.Z. Ikusita azken urteetan ez zela inor joaten, eta, gainera, Miamiko frontoiak hiru urtez inor ez hartzeko hartutako erabakiagaz aukera hau edukitzea zorte bat da. Hainbat urtez aukera hau edukitzeko ahalegina egin ondoren, halako batean aukera ailegatu da. Oraingo modura, bizi osoa elkarregaz jokatzen gabiltzan eta hartu-emana daukagun bederatzi lagun bertara joatea denentzako pozgarria da.
Aukera honegaz, profesional mailan jokatu ahal izateko ametsa betetzen duzuela esan daiteke?J.Z. Nik txikitatik bertara joan nahi izan dut. Filipinasen aproba egin nuen AEBetarako jauzia eman ahal izateko, baina ez nuen lortu, eta niretzako lorpen handia da hara joatea. Aita ere han egon zen, eta beti joan nahi izan dut.
J.A. Aukera ikaragarria da. AEBetara joateak gustuko dugun kirol batetik bizitzeko aukera emango digu, eta horrek egiten dit ilusioa, batez ere. Euskal Herrian aukera hori izango banu bertan geratuko nintzateke, baina, gaur egun, ez da posible.
Noiztik nora jokatuko duzue Daniako frontoian?J.Z. Orain sei hilabeteko kontratuak egiten dituzte: neguko denboraldia eta udakoa. Udan hilabete bi itxita egoten da frontoia, uztailean eta abuztuan. Beraz, gu bertara etorriko gara udako hilabete biak bertan pasatzera, eta gero, berriz ere Daniara joateko esperantza daukagu. Sei hilabete hauetan egiten dugun jokoaren eta irabazten ditugun kinielen arabera izango da hori.
Udan bertara etortzen zaretenean, partidarik jokatzeko aukerarik izango duzue?J.A. Herrian zein inguruko lekuetan jokatzea ikaragarria da; Zure jendearen aurrean, zure frontoietan, baina aukera hori gutxik izaten dute. AEBetan maila onenean dabiltzan pilotariek jokatzen dute, eta egoera nahikoa ezegonkorra da hemen ere. Ea zer edo zer polita antolatzen duten udara begira, eta jokatzeko aukera egoten den.
Filipinasen jokatu zenuen zuk, Jon; kinieletara esperientzia badaukazu.J.Z. Filipinasen kinielak jokatzen dira, baina banaka. AEBetan banaka zein binaka jokatzen dira kinielak. Ideia apur bat badaukat, baina Danian maila handia egongo da. Esperientzia handidun pilotariak daude, eta haiei irabazteko gogoz jokatu beharko da.
Alderantziz, zu, Jokin, ez zara kanpoan jokatzen egon. Inoiz jokatuko zenuen kinielaren bat hemen, baina ez da izaten ohikoa. Zelan ikusten duzu zure burua modalitate berrian?J.A. Jokatu izan dugu txapelketaren bat edo beste, baina, orokorrean, partidak jokatzera ohituta nago. Sakea ez da berdina, tantoz tanto eman behar duzu han dena, eta nahikoa joko psikologikoa da. Akatsa egiten baduzu kalera zoaz, berriro sartu behar zara… Baina behar bat modura hartzen dut nik, eta ohituko naizela uste dut.
Abenduaren amaierarantz zoazte AEBetara. Noiz hasiko zarete jokatzen?J.Z. Abenduan entseatzen hasiko gara apur bat, frontoia ezagutzen, eta urtarrilean hasiko gara kinielekin. Lehenengo hilabeteak gogorrak izango dira, baina egingo gara.
Frontoi batzuk kasino bihurtuta daude, Daniakoa ere bai. Zelan ikusten duzue frontoien egoera?
J.Z. Legeagaz zer gertatzen den erabakiko dute laster. Daniako frontoiak ez omen dauka asmorik zesta-punta ukitzeko, nahiz eta jokorako baimena lortu. Hala ere, oraindik ez dago ezer argi. Hobe legeak ez badu aurrera egiten, eta horrela lasaiago egongo gara. Bestela, ikusi egin behar.
Jaialdi handi bat antolatu dute Markina-Xemeinen biharko. Zer begitantzen zaizue?J.Z. Nik ez nuen espero horrelakorik. Beste pilotari batzuk ere agurtu dituzte, baina ez horrelako jaialdi handi bategaz. Eskertzekoa da bai eskolak zein udalak egin duen ahalegina. Egun berezia izango da, sekula ahaztuko ez duguna.
J.A. Oso pozgarria da zesta-puntaren etorkizunari bultzada emanaz gu agurtzeko jaialdi bat antolatu izana. Jende askok borondatezko lan handia egin du, eta horrek asko betetzen du.
Biok hazi zarete Markina-Xemeingo Uni frontoian. Zelan ikusten duzue eskolaren eta frontoiaren beraren egoera gaur egun?J.Z. Eskolak lan handia egiten du, eta ume asko dabiltza bertan zesta-puntan jokatzen ikasten. Plangintza osatu bat prest dauka eskolak guzti honek aurrera egiteko. Gorantz egitea da asmoa.
J.A. Ume asko dabiltza, baina zesta bigarren kirol modura daukate, beraz, zaletasuna sendotu egin behar da. Maila jakin batetik aurrera, denak modura, orduak eskatzen ditu honek ere, eta horretarako zaletasuna edukitzea da garrantzitsuena. Markina-Xemein moduko herri batean zaletasuna badago, ikusten dena eta ikusten ez dena. Asmoa ikusten ez den hori ere frontoira erakartzea izango litzateke.
J.Z. Biharko jaialdiak horretarako balioko du. Frontoiko ateak zabalik daudela erakutsi eta egiten den guztia bistaratzeko. Herriko bi gazte bagoaz kanpoan jokatzera, eta lan handia egiten denaren erakusgarri da hori. Gainera, kirol honetatik bizitzeko aukera badagoela ere ikustera ematen dugu, eta frontoia beteta ikusten badute, gazteen artean ere ilusioa handitzen da.
Barandika eta Lekerika dituzue aurkari. Lehia apur bat ere badago?J.A. Partida asko jokatu ditugu elkarren kontra, eta aspaldiko ezagunak gara. Lauroi batera eskaini digute, gainera, Daniara jokatzera joatea, eta denentzako azken partida izango da. Ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu gutxi gorabehera bakoitzak zelan jokatzen duen, eta kantxa barruan partida bakoitza partida ezberdina da.
J.Z. Munduko txapeldunak ere badira, eta lehia polita egongo da. Kantxa barruan ez da egongo barkamenik.
BIDEOA: Arbe eta Zabalaren agur jaialdiaren aurkezpena
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.