BI-633 errepidea hobetzeko lanak egiten dabiltzala
La Francesa ondoko zuloaren estaldura kendu eta 36ko gerrako babesleku bat azaldu zela jakitera eman du
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak. «ADES espeleologia taldeko kide den Gorosabelek, erdi harrituta, zabaldu zuen zuloaren agerpenaren berria», zehaztu dute.
Aurkitu duten 36ko gerrako babeslekua. Argazkia: Ahaztuen Oroimena 1936
Memoriaren Ibilbideak egitasmoaren baitan, memoriaren espazioen zerrendan sartzeko proposamena aztertzen hasita zegoen elkartea, baina zuloa berriz estali dutela konturatu dira. «Aldundiarena den lan publiko horrek memoriaren ondarea izendatu beharko litzatekeen toki hau berriro estaltzea erabaki eta inoiz egon ez balitz bezala, bat-batean desagerrarazi egin du».
1936ko urrian egindakoa
Ahaztuen Oroimena elkarteak jakitera eman duenez, obrak egiterakoan aurkitu duten babeslekua,
1936ko urriaren 20tik azaroaren 14ra, 11 lanegunetan egin zuten. Izan ere, 1936ko urriaren 4an, inguruan frentea egonkortu zenean, gudari eta milizianoz bete ziren Urberuagako bainuetxea eta inguruko hotelak. Kuartel nagusi bilakatu zen gunea eta agintaritza zein funtzionamendua bermatuko zuen pertsonalaz gain, aldioro, hiru batailoi kokatu ziren bertan. «Han egon ziren San Andres, Abellaneda, Otxandiano, Rosa Luxemburgo, Malato, ANV 1 (Olabarri), Saseta eta beste hainbat», zehaztu dute.
Aurkitu duten 36ko gerrako babeslekua, barrutik. Argazkia: Ahaztuen Oroimena 1936
La Francesa deituriko eraikinaren alboan, bainuetxearen aurrealdean, erreka eta bidearen bestaldean, harkaitzean landutako tunel erako babesleku bat egin zuten. «Etenik gabeko lanak, hiru errelebotan aritu ziren. Konpresore handi batez baliatu ziren harkaitzetan zuloa egiteko».
Bigarren babeslekua
Elkarteak azaldu duenez, geroago, justu urte bukaeran eta Jaime Urkijok bere memorietako 9. orrialdetik 16. orrialdera argi deskribatzen duen modura, bainuetxearen arkupea babesleku gisa indartu zen eta
bainuetxearen atzealdean, erlojuaren eskumetara, elkarrekin komunikatuta zeuden galeria batzuetaz osatutako
beste lur azpiko babesleku handi bat eraiki zuten. «Babesleku hau Rosa Luxemburgoko komandantearen laguntzailea zen Jaime Urkijoren ardurapean egin zen eta zulatze lanetarako alderdi komunistak Meatzaldetik bidali zituen artillarien artean Julian Ruiz, Dolores Ibarruri
La Pasionariaren senarra zegoen».
Gerra ostean, eta II Mundu Gerraren testuinguruan, bainuetxea eta bere ingurua Frantziatik ihes egindakoen
kontzentrazio esparru bat izan zela gogora ekarri du elkarteak. «Garai hura bukatuta eta normaltasunera itzuli ondoren, aurreko jabeak Goikoetxea familiaren esku utzi zuen bainuetxea eta hauek zulo erara egindako babesleku biak kanpotik estali egin zituzten».