Olabe kantxazaina izango da aurten.
Zelan animatu zinen kantxazain lana egitera?
Ez neukan frontoirako bat ere usterik. Autobusak gidatzeko baimena atera nuen, eta lan hori egiteko ustetan nengoen. Baina egun batean Zesta-Punta Eskolako lehendakariak deitu zidan, eta lehengo kantxazaina AEBetara joan zela, eta hautagai ona izan nitekeela esan zidan. Beti ibili naiz pilota munduan, gustatu egiten zait, eta aurkeztea erabaki nuen.
Santi Olabe kantxazaina.
Zein da kantxazainaren lana?
Goizean 10:00etan zabaltzen dut egunero, eta 10:00etatik 13:00etara egoten naiz. Kantxa garbitu eta frontoiaren mantenimendua egiten dut, gauzak garbitu, zer edo zer falta bada ipini eta horrelako gauzak. Arratsaldetan egoten da mugimendu handiena. Astelehena, eguaztena eta barikuetan zesta-punta egoten da. Orduan, astelehenetan 16:40ean hasita 22:00ak arte egoten naiz. Txikiak hasten dira, eta gero-eta nagusiagoak eta pilotari izendakoak izaten dira azkenak. Gero martitzenetan esku pilota egoten da arratsaldeetan, baina esku pilotakoekin akordu bat egin genuen, eta 16:00etatik 18:00etara hasiberriak izaten ditugu, kanpoan ibili direnak frontoi barrura sartu ditugu, posturak eta pixka bat ikasten joan daitezen. Hiru talde dira. Eguaztenetan atzera ere zesta-punta egoten da, aurretik ere egondako ikasleak izaten dira 16:40etik berandura arte, 21:30ak edo 22.00ak arte. Eguenetan eskupilotaren txanda da, eta bariku arratsaldeetan maila ezberdinetako partidak egoten dira. Umeak, nagusiagoak, denetarik. Sei bat partida egoten dira barikuetan. Zapatu goizeetan entseguak egoten dira, eta, esate baterako, zapatu honetan partidak ere ipini ditut. Arratsaldean eskuzko partidak egoten dira.
Astero izaten dituzue partidak?
Normalean bai, beti egoten da txapelketaren bat edo beste. Gu ere bi txapelketa jokatzen gabiltza orain, eta maila ezberdinetako pilotariak jokatzen dute. Frontoia okupatuta egoten da beti.
Zure ardura, beraz, frontoia egoki mantzentzeagaz gain, umeei irakastea ere bada.
Frontoiaren ardura eta eskolakoek umeei erakusteko eskaria ere egin zidaten. Partidak eta entseguak ere antolatzen ditut.
Ze adineko umeak dabiltza?
6 bat urteko umeak dira txikienak. Zesta ere nik lotu behar izaten diet askori, oraindik ez dakite eta, baina apurka-apurka ikasten doaz, eta gustura nabil. Ikusten dut umeak ere gustura dabiltzala, eta, beraz, pozik nago. Poza ematen dit batez ere esaten diedana egiten dutela, hau da, ahalegindu egiten dira.
Ze txapelketa ari zarete jokatzen orain?
Euskal Herriko Txapelketa jokatzen hasi gara, eta datorren hilean eskolartekoa hasiko da. Umeak ilusionatuta egoten dira. Begiak ere zabaldu egiten zaizkie beste herri batera jokatzera joan behar direla esaten diedanean.
Umeak ilusioagaz dabiltza, beraz.
Batzuk bizikletan, beste batzuk aringa-aringa, beste batzuk patinekin, nor arinago heldu etortzen dira frontoira.
Txikiei zesta txikiekin irakasten diezue?
Mexikora eskatuta ditugu plastikozko zesta berriak, lehen ere badaude txikiak, tamaina guztietakoak, baina hondatuta daude asko. Eskatu egin ditugu Mexikora, eta hilabete eta erdi-bi hilabetean helduko diren kontua, itxaroten gabiltza horri; zesta gehiago edukitzeko eta bakoitzak bere zesta edukitzeko.
Txikientzat ez da erosoa izango zesta handi bat erabiltzea.
Zesta handiaegia bada ohitura txarrak hartzen dira. Zuzen bota beharrean behea ez jotzearren albotik botatzen duzu, ohitura txarrak hartzen dituzu, eta hori zuzentzea gaitzagoa izaten da gero.
Zenbat ume dabiltza?
Asko, 70 inguru izango dira, adin ezberdinetakoak. Berriak 30etik gora dira. Eskolan gero 100 bat izango gara.
Goizetan jenderik ibiltzen da frontoian?
Goizetan libre egoten da frontoia, eta jendea etortzen da entsegatzera. Laster AEBetara doazen gazteak datoz egunotan.
Zu ere pilotari izandakoa zara.
Ni ere 8 edo 9 urtegaz hasi nintzen, eta 1985ean debutatu nuen. 1988an AEBetara joan nintzen, bizitza guztia egin dut, esateko, pilotan; 27 urte egin ditut AEBetan ere. Orain ere gustura nago, berriz ere zesta-puntari lotuta.