Zuhaitz, landare eta baserri tresneriaren 
XVI. azoka ospatuko da zapatuan [otsailak 13] Markina-Xemeinen. Beste behin ere, Zuhaitz, Landara eta Baserri Tresnerien azoka aukera aparta izango da zuhaizka, hazi eta landareak eskuratu nahi dituztenentzat.
Aurtengoan 
13 mintegik eman dute izena, eta beraz, era guztietako landare, lora, zuhaitz eta zuhaixkak ikusi eta, hala nahi izanez gero, salneurri paregabean erosteko aukera edukiko dute azokara hurreratzen direnek. Bizkaiko sei mintegi,  Gipuzkoako bost eta Araba eta Nafarroatik etorriko mintegi bana aurkituko dituzte erosleek oraingoan, azokan. Aurreko urteetan legez, Zaldibarko 
Areitio eta 
Belar mintegiek, Muruetako 
Murueta Lorategiak, Gatikako 
Etxebarria mintegiak, Tafallako 
El Montañes mintegiak eta Igorreko 
Artadik ez diote otsailaren bigarren zapatuko hitzorduari hutsik egingo. Mutrikuko 
Etxerre lorategiak ere bere loreak jarriko ditu ikusgai aurten. Horrez gain, azokan egongo dira bai eta ere, Usurbilgo Aranburu mintegia, Lasarteko Ines Floresen landarak, Zarauzko Lurberry eta Iurretako Ortuberri.

Joan den urteko Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresneria azoka.
 
10:00etan zabalduko ditu ateak azokak eta 14:00ak arte iraungo du zabalik, eta, aurten ere, Zelaiaren goiko partean dagoen Plazabarripean kokatuko da.
Azokan jan eta edaneko postuak ere egongo dira bai eta inguruko ekoizleen produktu desberdinak erosteko aukera ere. Zortzi izango dira aurten euren produktuen salmenta zuzena egiteko Markina-Xemeinera hurbilduko diren ekoizleak, gehienak herrikoak bertakoak: ardi gaztadun ekoizle bi, 
Baskaran Gaztak (Markina-Xemein) eta 
Barroeta Gaztak (Markina-Xemein); txerrikien ekoizle bat, 
Ateun Harategia (Markina-Xemein); okindegi eta gozogintzako hiru ekoizle, 
Labegur (Berriatua), 
Mañeko (Mallabia) eta 
Meabeko Ogixe (Markina-Xemein); 
Maider Ostolaza eztigilea (Markina-Xemein) eta 
Eskuola Ahatekiak ahatekien ekoizlea (Mungia).
Bestalde, Ekozain ekologia taldeak taloak eta eskualdeko sagardo zein txakolina saltzen jarriko ditu.