«Mikromatxismoan dago indarkeria matxistaren oinarria»
Egunerokotasunean ematen diren mikromatxismoak detektatzearen garrantzia aipatzen du Legarretak; ikasleekin batu ondoren, herritarrekin batuko da martitzenean egoera aztertzeko.Erroxape Emakumeen Elkarteak indarkeria matxista ekiditeko programa antolat...
Egunerokotasunean ematen diren mikromatxismoak detektatzearen garrantzia aipatzen du Legarretak; ikasleekin batu ondoren, herritarrekin batuko da martitzenean egoera aztertzeko.
Erroxape Emakumeen Elkarteak indarkeria matxista ekiditeko programa antolatu du, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareagaz batera eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Programa horren baitan, besteren artean, mikromatxismoaz ariko dira. Beldur Barik programako kide Idoia Legarreta (Igorre, 1983) arduratuko da mikromatxismoa zer den azaltzeaz. Joan den astean Eleizalde ikastolako ikasleekin bildu zen, eta datorren martitzenean, hilaren 16an, herritar guztiei zabaldutako hitzaldia emango du. Erroxape elkarteak Erreten parkean duen egoitzan izango da berbaldia, 19:00etan.Zer da mikromatxismoa?
Gizarte eredu matxista baten ondorioz egunerokotasunean txertatuta ditugun jarrerak, egoerak edota bizipenak kultura matxista hori iraunarazten laguntzen duten jokabideak dira. Jarrera horiek barneratuta eta onartuta ditugu. Askotan ez gara horiez ohartzen, eta ez diegu horrenbesteko garrantziarik ematen, gure begirada bestelako egoera nabarmenago batzuetara jarrita dagoelako; bikotekideen arteko tratu txarretara, esaterako. Agerikoagoak izaten diren horietara begira izaten da gizartea, eta ez egunerokotasunaren parte diren beste hainbat jokabidetara, eta horiek dira arriskutsuenak. Azken finean, eguneroko diskurtsoek eta bizipenek legitimatzen dute indarkeria hori existitzea. Indarkeria matxistaren oinarria mikromatxismoan dago, eta horiek detektatzera joan beharra daukagu.
Mikromatxismotik, hortaz, indarkeria matxista sor daiteke.
Hala da, bai. Gainera, agerikoagoa den indarkeria horretan eragiteak ez du zentzurik, errora ez baldin bagoaz. Eta erroa egunerokotasunean sortzen diren gauza txiki horietan guztietan dago, modu desberdinetan txikitatik barneratzen ditugun horietan.
Adibide batzuk?
Esaterako, eskola bateko jolastokian, zergatik dute protagonismo handiagoa futbolean jokatzen ari direnek? Jolastokiaren %80 futbolean jokatzen ari direnek erabiltzen dute. Inguruetan, berriz, gainontzekoak geratzen dira; eta horretan daudenek, gainera, baloikadak jasotzen dituzte. Hori indarkeria mota bat da, eta gizartean normaltzat hartzen da. Bestalde, emakumeak baliogabetzen dituzten hainbat mezu ere entzuten ditugu txikitatik. Zenbatetan entzun izan dugu, «neska baten moduan egiten duzu korrika». Baina zer da neska baten modura korrika egitea? Ikusten da emakumeekin lotuta dauden gauza edo mezu ugarik emakumea baliogabetzen dutela. Mezu horiek guztiak txikitatik jasotzen ditugu, eta horiek dira gure identitatea eta harremanetan jartzeko ditugun moduak egituratzen dituzten mezuak.
Jendearekin gaia lantzen hasten zaretenean, zer nolako inpresioa izaten dute?
Gizartean, orokorrean, kosta egiten da horrelako adierazpenak indarkeria bezala ikustea; gazte edo heldu izan. Kosta egiten da egunerokotasunaren parte den hori guztia matxismoa edo indarkeria dela onartzea. Indarkeria gure egunerokotasunetik eta gure bizitzetatik kanpo kokatzeko mekanismo asko ditugu. Uste dugu besteek egiten duten zerbait dela. Gure harremanetan, poteoetan zein batzarretan indarkeria matxistaren adierazpen asko daudela onartzea kostatu egiten zaigu, eta baita gu horren parte garela onartzea ere. Horren aurka egiteko konpromisoa hartu beharra daukagu. Askotan gazteengan jartzen dugu begirada, baina gizartea bera da matxista. Gazteek kultura matxista baten ondarea baino ez dute jasotzen. Eurek euren testuingurura eta euren belaunaldira egokitutako bizipenetan erreproduzitzen dute matxismoa; sare sozialetan, esaterako. Guk, beste belaunaldi batzuetakoek, distantziagaz begiratzen diogu eurek egiten dutenari. Gure zeregina, hortaz, eurei laguntzea da. Euren testuinguruetan ematen diren matxismo horiek guztiak identifikatzen lagundu behar diegu.
Zein adin tarte litzateke egokiena arazoari aurre hartzeko?
Oso txikitatik, hasieratik. Hala ere, horretarako beharrezkoa da guztion inplikazioa. Gizarte osoaren konpromisoa beharko litzateke gauza pilo bat aldatzeko. Bizitza osoan egin beharreko lana da. Gure identitatea lantzen gabiltza bizitza osoan. Guztiok daukagu aldatzeko gaitasuna, baina oso garrantzitsua da nerabezaroa. Nerabezaroan hasten gara identitatea definitzen; autonomia irabazi dugun horretan, gu nor garen definitzen hasten gara. Eta gu nor garen horretan, gaur egun garrantzitsua da informazio alternatiboak ematea. Emakume edo gizon eredu bat denaren inguruan ditugun horretatik apartekoak.
Zelan lantzen da gazteekin mikromatxismoa?
Lehenik eta behin, garrantzitsua da bakoitzaren testuinguruan ematen diren adibideak definitzea, adin tarte batean edo bestean modu desberdin batera eman daitezkeelako indarkeria egoerak. Gure bizipenetatik ikasten dugu, beraz, hori da landu behar duguna. Hala, lehenik eta behin, gazteek indarkeriaz edo sexismoaz zer ulertzen duten edo zegaz lotzen duten aztertzen hasten gara. Ondoren, niretzako sexismoa edo indarkeria zer den azaltzen diet, ezer inposatu barik, eztabaida sortzea baita helburua. Behin mikromatxismoa zer den azalduta, leku desberdinetan eurek mikromatxismoa non ikusten duten aztertzen dugu: gazteen lokal batean, jaietan… Eta, orduan, adibide desberdinak jartzen dizkiet. Bestalde, gazteek eurek Beldur Barik programarako egindako adibide batzuk ere aztertzen ditugu, mikromatxismoa non ikusten den ikertzeko.
Martitzenean, berriz, herritar guztiei zabalik egongo den hitzaldi bat emango duzu. Zelan landuko duzu?
Hitzaldi hori orokorragoa izango da, baina, hala ere, parte hartzailea izatea gurako nuke. Bertaratzen direnen artean egunerokotasunean oso txertatuta dauzkagun egoerak edo jarrerak ikusaraztea da helburua. Jendeak kontzientzia hartu behar du, eta egunero erabiltzen ditugun zenbait jarrera aldatzeko beharrezkoa da guztion inplikazioa, eta hori azalduko diet. Izan ere, aldaketa txiki askogaz zaila den hori aldatzea lor dezakegu, hau da, indarkeria matxista aldatzea.