Ondarroako Udalak abian ipini duen
Nahizun Ondarru! Gazte enplegua bultzatuz parte hartze prozesuaren bitartez,
Ondarroa 2020 proiekturako gazteen ekarpenak jaso nahi dira. “Gazteen behar eta ikuspuntuak ezagutuz eta partekatuz, gazteen artean enplegua sustatzeko aurrera eraman beharreko erronka berriak guztion artean adostuko dira. Eta helburu horri jarraituko dio Ondarroako Udalak martxan jarritako prozesu berritzaileak”.
Proiektuaren sustatzailea Ane Santamaria Jarduera Berrietako partaide ondarrutarra izango da,
Ph+ herritarren hirigintza koooperatibaren babesagaz. Santamaria, besteak beste,
Mondragon Unibertsitateko LEINN (Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza) graduko azken urtea ari da burutzen. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, gainera,
gazte ondarrutarrak izango dira
proiektuaren protagonista nagusiak, Ondarroako Udal eta Lea-Artibaiko industria komunitatearekin batera.
Parte hartze prozesuak, hain zuzen ere, eskualdean ondarrutar gazteen enplegua sustatzea du helburu. Horretarako, alde batetik, gazte enpleguaren egoeraren inguruan diagnostiko parte hartzailea egin eta gazte eta enpresarien beharrak eta ikuspuntuak aztertuz, Lea-Artibaiko enpresa ehunaren lan aukerak identifikatu nahi dira. Eta, bestetik, egindako diagnostikoa oinarritzat hartuta, eta sektore desberdinetan (merkataritza, arrantza, turismoa, industria, osasuna, hezkuntza, …) gazte enplegua sustatzeko helburuarekin, identifikatutako aukerak burutuko lituzken proposamen kolektibo zehatzak landu.