Hurrengo egunotan Lea-Artibai eskualdeko udaletan egingo diren udalbatzarretan Ibon Iparragirre euskal preso politikoa etxeratzeko eskatzen duten mozioak aurkeztuko dira, udal horietan agintzen duten
koalizioen artean adostasuna egonez gero, behinik behin.
Espainiako espetxe agintariek Iparragirre etxeratzeko eskaria albo batera laga dutela ikusirik, eskualdeko udalek preso ondarrutarraren egoeraren aurrean
“jarrera aktiboa” hartzea erabaki dute. Besteak beste, Iparragirrek pairatzen duen gaixotasun larriak eskatzen duen moduan etxeratzen ez duten bitartean,
Euskal Herriko kartzelaren batera hurbiltzeko eskatuko dute.
Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatzen Ondarroan egindako ekimen bat
Azken asteotan ondarrutarraren osasun egoerak okerrera egin duela kontuan hartuta, gainera, presoa konfiantzazko mediku batek artatzeko ere eskatuko dute. Era berean, mozioa onartzen duten udalek preso ondarrutarra bisitatzeko beharrezko izapideak egiteko konpromisoa ere agertu dute.
Erabaki horiez gain, eskualdeko udal guztien izenean Espainiako Kartzeletako Zuzendaritzari orain arte hartutako erabakien berri ematen duen gutun bat bidaltzeko asmoa daukate.