Eraiki zutenean izan zuen garrantzia indarberritzeko asmoz, Goiko Portaleko iturria eraiki zeneko itxurara itzuli nahi du Markina-Xemeingo Udalak. Iturria
obra zibil bat da eta
1788an eraiki zuten Markinara edateko ura ekartzeko asmoz. Proiektu aitzindaria izan zen, Bilbo edo Iruñean baino aurretik izan bait zuten, esate baterako, Markinako herriguneko biztanleek edateko ura.
Goiko Portaleko iturria.
Garaiko udal agintariek, herriko intelektual talde batek eta eliza, baserri, mendi eta burdinolen jabe nagusiek batera bultzatu zuten proiektua
Xabier Maria Munibe Peñafloridako kontea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaile eta zuzendari orokorra buru zutela. «Obra zibil hau, harro egotekoa izan zen Markinarentzat eraiki zenean, eta, gaur egun, bere ondare historikoaren adibide eta eredu on bat da, Markinaren nortasun eta izatearen garai distiratsu eta gailenena islatzen duena», adierazi du udalak.
Goiko Portaleko iturria ondare historiko den heinean, ondasun horren
balioa eta jatorrizko testuinguruan izandako esanahia
berreskuratu nahi dituela argitu du udalak. Hori dela, esan dute, lehengoratzearen arrazoia. «Kontua da, gaur egun, garai ezberdinetako eta esanahia ezberdina duten bi elementu ditugula unitate bakar batean, bata zibila eta bestea erlijiosoa». Izan ere,
1923 urtean Ume Jesusen imajina ipini zen ordura arte jatorrizko iturria koroatzen zuen perinolaren lekuan. «Eskultura horrek iturriaren izaera zibila ahuldu egin zuen nolabait. Hala ere, imajina bera ere kontuan hartzeko moduko elementua da, herriaren historiako une jakin bat irudikatzen duelako».
Perinola, berriz
Markina-Xemeingo Udalak elementu biak errespetatu nahi dituela azpimarratu du. «Biak ala biak espazio publikoetan gorde eta zaindu, eta biei merezi duten duintasuna eman».
Elementu biei dagokien garrantzia emateko, perinola jarri nahi du berriz, udalak, iturrian, eta haren lekuan ipinitako Pragako Ume Jesusen imajina handik metro gutxira, Karmengo elizaren eta plaza eta udaletxearen artean dagoen parkean jartzea. «Estatua Meaben, Zapolako mendi magaletik ateratako kareharrizko bi metroko altuerako idulki baten gainean ipiniko da», aurreratu dute.
Udalari
une aproposa dela behitantzen zaio leheneratzea egiteko. «Ez da ahaztu behar gaur egungo gizarteak zerikusi gutxi duela, bere baloreei dagokienez, 1923ko harekin. Gaur egun, legeak berak aitortzen duenez, gizarte anitza da gurea, herritarrek eskubide berdinak dituzte edozein delarik ere euren kultura, sentsibilitatea eta horrek, administrazio publikoak guztiak errespetatzea eskatzen digu».
Iturriaz zein estatuaz gehiago jakin eta euren garrantzia hobeto ezagutzeko
ikerketa historiko bat egitea eskatu dio udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta iturriaren garrantziaren lekukotasuna ematen duten datu ugari jaso dituzte.
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, egitasmoaren xehetasunak emateko, informazio kanpaina bat jarriko dute abian laster baten.