Gaur [martxoak 5] goizean, Gerra Zibileko gudari baten hezurdura berreskuratu dute Etxebarrian, Zelaietaburuko gainean. Hildakoa, dirudienez, Eusko Gudarostea taldeko kidea zen. Gaurkoa, hain zuzen ere, aurten Euskal Herrian hobitik ateratzen duten laugarren gorpuzkia da.
Hasiera batean gorpuzkin gehiago aurki zitezkeela uste bazen ere, azkenean bakarra berreskuratzea lortu dute. Lurperatutako gorpuzkia ateratzea oso zaila izan da. Izan ere, eguraldiaren baldintzak oso eskasak izan dira.
Gorpuzkia hobitik ateratzeko lanak Pako Etxeberria antropologoko forentseak zuzendutako Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikari talde batek egin ditu, eta haiei laguntzen izan dira ikerketa bera sustatu duten Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak ere.
Paco Etxeberria eta bere taldea azterlanak egiten
Berreskuratze lanak egiten aritu diren tokira hainbat herritar hurreratu dira, eta horien artean izan dira, besteak beste, Luis Ortiz Alfau miliziano ohia, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak, Elgoibar 1936 elkarteko kideak, Aranzadiko kideak, Jesus Iriondo Etxebarriako alkatea eta beste hainbat zinegotzi, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentaria. Horiez gain, Arnaldo Otegi ere han izan da hildakoari egin dioten omenaldi txikian.
Ekitaldi amaieran, krabelin gorriak jaurti dituzte gorpuzkia zegoen toki berberean. Ortiz Alfau, esaterako, oso hunkituta agertu da, eta bere hainbat bizipen kontatzeko aukera izan du han bildutakoen aurrean.
Erkorekak nabarmendu duenez, egia eta memoria berreskuratzea garrantzitsua da. “Hemen duela 80 urte gertatutakoa argitu dugu, hainbat urtez memoria baztertu eta egia ofiziala inposatu ostean”. Arzuagak, ostera, pertsona ez ezik “bizipenak, militantzia eta konpromiso politikoa ulertzeko modu bat” ere atera dute gaur hobitik, eta ohartarazi du ezin dela hori guztia iraganean utzi. “Hemen aurkitu duguna gure etorkizunaren oinarria izan dadin nahi dugu”.
Hildakoari egindako omenaldia. Argazkia: Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea
Ikerketa sustatu duen Ahaztuen Oroimena 1936ko elkarteko kideak ere oso pozik agertu dira gorpuzkina aurkitu ostean. “Oso ondo joan da dena. Gudari baten gorpuzkinak berreskuratu ditugu, eta horrekin amaitutzat eman ditugu gaurko lanak”. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, hezurdura jaso eta horiek ikertzeko egin beharreko lan zientifikoagaz Aranzadi arduratuko da.
Gorpuzkiaren lehen aztarnak joan den urtarrilean aurkitu zituzten, Zelaietaburuko lubakia berreskuratzeko lanetan “asko egin barik” ordezko hortz-haginak topatu zituzten, eta geroztik, han izan izan dira lanean. “Pista horregaz, gorpuzkiren bat aurkitzea posible zela uste genuen”.
Erresistentzia eremua
Gunea, zehatz esanda, erresistentzia eremu bat zela aipatu dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. Bertako kideek jaso dituzten datuen arabera, Zelaietaburu inguruetan bi borrokak parte hartu zuten tokia izan zen. “Alde batetik, Frankistak Elgoibarretik zetozenean eurak gelditzeko egindako lubaki bat izan zen. Gerratea hona etorri zenean egin zuten 1936ko irailaren bukaeran. Bertan lau edo bost egun egin ostean, frentea Bizkairantz joan zen. Bestalde, frentea bukatzear zegoela, 1937ko apirilaren 19an, atake gogor bat jo zuten gorriek, eta gure susmoen arabera, hiru gudari hemen inguruotan atzeman, atxilotu, fusilatu eta lurperatu egin zituzten. Hain zuzen ere, aurretik hemen gorriek utzitako lubaki batean”.
Elkarteak gogorarazi duenez, gaur egindako lana askorek egindako esfortzuari esker lortu da. “Testigantzak ematen duen jendeari, eta lan honetan parte hartu duen jende guztiari eskerrak eman nahi diogu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.