Kamiñaldeko lur jausiek sortutako arazoei aurre egiteko larrialdi plana aktibatu duela adierazi du
Ondarroako Udalak. Gaur [martxoak 11], esaterako,
San Inazio kaleko bidea ere itxi egin dute, harri handiak erortzeko arriskua dagoelako. Beraz, ibilgailuak eta oinezkoak ezin dute kale hori erabili.
Neurri hori hartzearekin batera, gainera, Kamiñalderako bidean, harririk erortzen ez den gunea babesteko horma bat ere jartzen hasi dira gaur [martxoak 10] goizean. “Badaezpada etxea babesteko horma bat jarriko dugu, kaltea ahal den neurria gutxitzeko”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Larrialdi plana aktibatu aurretik,
gunea babestu, jendea arriskua duten etxeetatik atera eta 112-arekin harremanetan ibili dira beharrean udal ordezkariak. “Orain arte plana ofizialki aktibatuta egon ez bada ere, planean jasotako urrats guztiak bete ditugu, baina orain, egoeraren larritasuna ikusita, larrialdi plana ere aktibatzea erabaki dugu” gaineratu du Bedialaunetak.
Bien bitartean, teknikariek lur jausiaren egoera aztertzen jarraitzen dute, eta udal ordezkariek gogorarazi dutenez,
herritarrak beraien etxeetara noiz bueltatu ahal izango diren zehatz jakitea ezinezkoa da. “48 orduko epea eskatu digute teknikariek lurraren aurrera egitea aztertzeko. Epe hori igarotakoan, herritarrekin batuko gara, eta egoeraren berri emango diegu”. Hala, bihar [martxoak 11], 16:00etan egingo dute batzarra, Kofradia Zaharrean.
Horma, Kamiñalden
Bestalde,
kaltetuentzako arreta zerbitzua martxan dagoela ere jakitera eman dute. Zalantzak argitzeko edo laguntza eskatzeko udaletxeko idazkaritzan arreta eskaintzeko pertsona bat egongo da, 08:00etatik 15:00etara. Horrez gain, 94-683 36 76 telefonoa ere eskuragarri jarri dute. “Arreta zerbitzuan gehien jaso den kezka lapurreten arriskuari buruzkoa izan da. Udalak gunea zainduta dauka gau eta egun”.
Beste lokalen moduan
Lanbideko bulegoa ere hustu behar izan dute. Hori dela eta,
Lanbideko erabiltzaileek inguruko herrietara joan beharko dute. Ondarroako bulegoa itxita dagoen bitartean Durango, Elgoibar, Eibar eta Gernika-Lumoko bulegoetara joan edo beraien zalantzak telefonoz argitu beharko dituzte erabiltzaileek.
Aurreko albisteak ikusi: