Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, lehentasunezkoa da Ondarroako kaltetuak birkokatzea
Lea-Artibai eta Mutriku
Iñigo Urkullu lehendakaria Ondarroara etorri da gaur goizean [martxoak 13] luizien ondorioz etxetik atera dituzten familien egoera ezagutzeko. Lehendakariarekin batera, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailaburua ere bertaratu dira. Udal ordezkariekin batera lur jausiak gertatu den eremua bertatik bertara ikusi ahal izan dute.
Lehendakariak adierazi duenez, egoeraren berri jakiteko zuzeneko jarraipena egiten ari dira, eta nabarmendu duenez, erakunde guztien arteko koordinazioa azpimarratzekoa da.
Urkulluren iritziz, lehentasunezkoa da familiak birkokatzea, eta kezka adierazi du gertakarien aurrean, “oraingo egoerak luze jo dezakeelako”. Horretarako, gobernuak kaltetuei Alokabidren etxebizitzak eskainiko dizkiela gogoratu du. Era berean, ondarrutarrei eta inguruetako herritarrei, etxebizitza hutsik edukiz gero, Bizigune zerbitzuaren bitartez eragindakoen esku utzi ditzatela ere dei egin du.
Lehendakaria adierazpenak egiten
Urkulluk eragindako familiak goraipatu ditu, eta haien jarrera “txalogarria” izan dela esan du. “Azken batean, kaltetuak dira beraien bizitza eragindua ikusi dutenak. Oso erantzukizun handiz jokatu dutela ikusi dugu”. Eta eskerrak eman dizkie ondarrutarrei “emandako laguntza eta erakutsitako prestutasungatik”.
Lehendakariak azaldu duenez, teknikariak mendi magalean lanean ari dira, behaketa eta analisi lanak eginez, eta arriskua bost minutuan behin ebaluatuz. Bi edo hiru aste iraungo duten lan horien bitartez, ebatzi ahal izango dira konponbide aplikagarriak; hala nola, etxebizitzek kalterik izan duten.
Atzo [martxoak 12] ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat hurreratu zen Ondarroara, behera etorritako mendi magalaren ondorioak bertatik bertara ezagutzeko. Sailburuek, Zunbeltz Bedialauneta alkateak eta Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak hartu zuten parte krisi mahaian, eta iragarri zutenez, gobernu kontseiluak datorren martitzenean [martxoak 15] aztertuko du salbuespenezko neurririk hartu behar den edo ez.
Bedialauneta azalpenak ematen
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak nabarmendu duenez, azken egunotan hainbat momentu hunkigarri bizi izan dira herrian, eta egunotan gauzen bila euren etxeetara ordu erdiz sartu ahal izan diren urduritasuna agerikoa izan dela aipatu du. “Oso ondo joan zen atzoko etxeen hustutzea. Familiek atzo gauza gehiago ateratzeko aukera izan zuten, eta askorek lasaitua ere hartu zuten”.
Alkateak herritarrek erakutsi duten erantzunagaz, “oso harro” dagoela esan du. Kaltetuak euren etxeetan hartu dituzten lagun eta senitartekoen laguntza ere eskertu nahi izan ditu.
Bedialaunetak gogorazi duenez, egoerak luzerako jotzen baldin badu, larritasun protokoloaren bigarren fasea martxan ipini beharko da, kaltetuak izan diren familia guzti horiek beste nonbaiten birkokatuz. “Hau guztia luzerako izan daiteke, eta udaletik herritarrei dei egin diegu hutsik dituzten etxeak uzteko”.
Loren Arkotxak atzoko inguruko merkatariekin egindako batzarrari buruz ere hainbat azalpen eman ditu, eta negozioak tokiz aldatu beharreko kalteen berri eman du. “Merkatariek gaur bertan atera dute merkantzia saltokietatik. Gaur kopuru bat ateratzeko aukera izan dute, baina hemendik aurrera ere, nolabait gehiago ateratzeko aukera izango dute. Beti ere, geologoek sartzeko esaten diguten momentua aprobetxatuta”.
Suhiltzaileen ordezkaria azalpenak ematen
Bestalde, Bizkaiko Suhiltzaileen arduranak esan duenez, uneoro tokia zaintzen ari dira, eta drone baten laguntzagaz, tokiko argazkiak ateratzen ari dira, mendi magalean agertu diren arrakalean eboluzioa ikusteko. “Masa oso handia da, eta oraindik ere mugitzen ari da”.
Lurra euriak eraginda ala ez jausi den ez dakitela azpimarratu du, eta eguraldiak onera egin baldin badu ere, egoerak hobera egingo duenik ez dakitela adierazi du. “Jendeak pentsatzen du euririk ez badu egiten gauzek onera egin dezaketela, baina, horrek, azken finean, ez du eraginik”.
Lehendakaria, sailburuak eta udal ordezkariak, lur jausien eremua bisitatzen gaur goizean
Gaur goizean teknikariek datuak egonkorrak direla aurreratu dutela jakitera eman du Ondarroako Udalak, eta beraz, barikuan hustutako etxebizitza eta lokaletako bizilagunek gauzak hartzeko aukera izan dute. “Dena den, teknikariek mendiaren beheranzko joera mantentzen dela esan dute eta beraz, larrialdi egoera batean gaudela gogorarazi behar da”, azpimarratu du udalak.
10:15 aldera hasi dira San Inazio kaleko 45-63 eta 48-52ko bizilagunak etxebizitzetara sartzen. Atzoko modura ordu erdi izan dute behar dutena hartzeko, eta txandaka sartu ahal izan dira.
Merkatariek ostera, ordu ta erdiko tartea izan dute beraien lokaletan sartzeko. Batez ere premiazkoak diren gauzak edo iraungitzeko arriskua duten produktuak hartzeko tartea izango dela adierazi zaie udaletik. Ezin izan dute tamaina handiko gauzarik hartu: apalak, mahaiak… Horretaz gain atzo egin moduan NAN dokumentua erakutsi behar izan dute sarreran eta irteeran.
San Inazio Kaleko bizilagunak etxeetara sartzeko zain.
Guztira, 176 familia atera behar izan dituzte beren etxebizitzetatik aste honetan Ondarroan, Kamiñalde kalearen inguruko mendi-hegal batean izandako lur-jausien eraginez.
Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eta gizarte laguntzak jarriko ditu, luizien ondorioz, Ondarroan etxetik atera behar izan duten bizilagunen eskura.
Aurreko albisteak ikusi:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.