Gaur [martxoak 15] eguerdian Kofradia Zaharrean egin den ez ohiko osoko bilkuran berezian, atzo [martxoak 14] Ondarroako Santa Klara izotz fabrikan egondako lan istripuaren ondorioz, hilik suertatu ziren Alberto Badiola eta Javier Elu langile ondarrutarren heriotzaren harira, bi eguneko dolua izendatu du Ondarroako udalbatzak, aho batez. Era berean, datozen bi egunotan udal eraikinetako banderak makila erdian jarri dira, dolu legez.
Zunbeltz Bedialauneta alkateak nabarmendu duenez, ondarrutarrak azkenaldian “egun gogorrak” bizitzen ari dira. “Kamiñaldeko lur jausiak eragin dizkigun kalteetaz gain, atzokoan Santa Klara izotz lantegian izandako lan istripuaren eraginez, bi langile ondarrutarrek galdu zuten bizia”.
Zinegotziak udalbatzan bozkatzen
Modu horretara, Ondarroako Udalak hilik suertatu diren familiei, lagunei eta lankideei elkartasuna adierazi die, eta laguntza emateko prest agertu da, “ekonomikoa barne”, eta gertatutako argitzeko bitartekoak jarriko dituela nabarmendu du. Besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatuko dute, “istripuari buruzko informazio guztia eman dezan”.
Bestalde, lan istripua argitzeko bide judiziala irekitzen bada, udalak herri akusazio moduan aurkezteko konpromisoa ere hartu du.
Bi orduko lanuztea
Udalak, gainera, lan istripua salatzeko antolatu diren mobilizazioekin bat egin du, eta herritarrak protestetan parte hartzera deitu ditu. Gehiengo sindikalak bi heriotzak salatu nahi izan ditu, eta mobilizazioak egingo dituzte.
Hain zuzen ere, bihar [martxoak 16], 11:30etik 13:30era, bi orduko lanuztea egingo da ELA, LAB, Esk, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta. Horrez gain, 12:30ean manifestazioa egingo dute, Zaldupeko zubitik hasita. “Oraindik gertakarien inguruan dugun informazioa mugatua izanik ere, gehiengo sindikalak gertatutakoa argitzeko ikerkerta burutu dadila exigitzen dugu, baita ardurak zehaztu daitezela ere”, adierazi dute. Modu horretara, istripuaren arrazoiak argitze aldera, ikerketa bat berehala egiteko eskatu diote Osalani.
Santa Klara izotz lantegiaren inguruak itxita, gaur goizean
Bestalde, gaur [martxoak 15] goizean ere, ordu batzuez Santa Klara izotz fabrikaren inguruak itxita egon dira, ustezko amoniako isuri bategatik. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, lantegian eta inguruetan amoniako usain handia zabaldu delako, 10:30ak inguruan.
Lantegi inguruan zegoen jendea eta inguruetako enpresetako beharginak urrundu egin dituzte segurtasun neurriengatik, badaezpada. Udaltzainak, suhiltzaileak, Gurutze Gorrikoak, ertzainak eta guardia zibilek ordubete inguru eman dute bertan, eta isuri berri baterako arriskurik ez zegoela baieztatu ostean, joan egin dira.
Osalaneko hainbat teknikari ere lantegian izan dira goizean, istripuaren inguruko ikerketa lanak egiten.
Lotutako albistea:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.