Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailagaz lortu du akordioa udalerriak.
Etxeko hondakin txikiak berrerabiltzeko prestatzeko zerbitzua Garbiker SA foru-sozietate publikoaren bidez emango du Aldundiak.
Jakitera eman dutenez, herriko biztanle kopuruaren araberakoa izango da bilketaren maiztasuna. Hain zuzen ere, bilketa hilean behin egingo dute, eta berrerabilera egiteko edukiontzia Herriko Plazan jarriko dute.
Honako hondakin hauek jasoko dituzte gero berrerabili ahal izateko: Arropak, oinetakoak, osagarriak, liburuak, jostailuak, bazarreko produktuak eta aparatu elektriko eta elektroniko txikiak. Hain zuzen ere, aparatu elektriko eta elektronikoei dagokionez, hauek bakarrik bilduko dituzte: Etxetresna elektriko txikiak, informatikako eta telekomunikazioetako ekipamenduak, kontsumo-aparatu elektrikoak, luminariak (lanpara eta fluorargiak izan ezik), erreminta elektriko eta elektronikoak, kirol edo aisialdirako ekipamenduak eta zaintza edo kontrolerako aparatuak.
Bizkaiko Foru Aldundiak iraunkortasunaren aldeko apustua egin du hiri-hondakinen kudeaketan, eta hondakin horietan dauden baliabideak “ahalik eta gehien aprobetxatu” nahi ditu.
Udalerriak beharrezko edukiontzirik ez badauka, edukiontziak jarriko dituzte kalean. Edukiontzien mantentze lanak ere egingo dituzte, eta beharrezkoa bada berriagoengatik ordezkatuko dituzte.
Halaber, hondakinak instalazio espezifikoetara eramateko bildu eta garraiatuko dituzte, eta, ondoren, hondakinak sailkatu eta tratatuko dituzte berrerabili ahal izateko, “betiere ingurumena modu iraunkor eta ekologikoan zainduz eta errespetatuz”.
Edozein zalantza argitzeko herritarrek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 902 540 154. Era berean, honako helbide elektronikora mezua bidaltzeko aukera ere badago
: ingurumenabizkaia@koopera.org.