Hilabete eta erdi pasa dira Kamiñaldeko mendi magaletik lehen harriak erortzen hasi zirenetik. Orduz geroztik, harri gehiago jausi dira, eta horrek kalteak biderkatu egin ditu. Lur jausia dela eta, San Inazioko kaleko 176 familiak euren etxebizitzak utzi behar izan zituzten, eta dozena bat negoziok ere, beste toki batzuetan jarraitu behar izan dute euren jardueragaz.
Kamiñaldeko mendiko arrakala
Bien bitartean, eta neurri txikiagoan bada ere,
mendiak mugitzen jarraitzen duela diote teknikoen txostenek. Datu tekniko horien eta beste hainbat argibideren berri, hain zuzen ere, barikuan [apirilak 15], 17:00etatik aurrera, Kalare Deuna kofradian egingo den batzarrean emango dituzte bertan izango diren geologoek, lurra kentzen ari enpresako ordezkariek, teknikoek eta gainerakoek.
Udal ordezkariek gogorarazi dutenez,
herri guztiari irekita dagoen bilera izango da. “Lur jausiak San Inazioko biztanleei eta saltokiez gain, era batera edo bestera, herritar askori ere eragin dio. Batzarrean kontatuko dena guztion interesekoa dela deritzogu”.
Barikuko batzarrean etzi etxebizitzetan eta negozioetan sartu ahal izateko jarraitu beharreko protokoloaren eta ordutegiaren berri ere emango zaie kaltetuei
Barikuko batzarrean, gainera,
etzi etxebizitzetan eta negozioetan sartu ahal izateko jarraitu beharreko protokoloaren eta ordutegiaren berri ere emango zaie kaltetuei. “Ahal bada, eta arriskurik ez badago, sartzen ahaleginduko gara. Gure nahia jendeari sartzeko aukera ematea da, eta epe jakin baterako beharrizanak asetzeko lain gauza hartzeko aukera izatea. Aurrekoan, ordu erdian eta urduritasunagaz, beharrezkoa zuten dena ezin izan zuten hartu eta”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
San Inazioko bizilaguna etxebizitzetara sartzeko zain
Bedialaunetak gaineratu duenez,
lehen fasean hustutako eraikinetan sartzeko orduan sortu daiteke arazorik gehien. “Lehen fasean hustutako eraikinek mendi aldera dituzte eskailerak, eta batzuetara harriak erori direnez, gora igotzea ezinezkoa edo arriskutsua da. Kasu horietan, etxebizitzetara suhiltzaileen eskailerekin sartu beharko direla aurreikusten da”.
Etxebizitza falta
Bestalde, Alokabide kaltetuak birkokatzeko lanean burubelarri ari bada ere, askok lagunen eta familien etxeetan jarraitzen dute. Lehentasunen arabera, familiak birkokatzen ari dira han eta hemen.
Arrigorri ostatuan zeuden familietatik bik izan ezik, beste guztiak
Ondarroako, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Etxebarriako eta Durangoko beste etxebizitza batzuetan bizitzen hasita daude. “Alokabideren bitartez lortu diren etxebizitzetako batzuk, hutsik zeuden, eta horiek bizitzeko moduan hornitu eta beharrezko zerbitzuetan alta eman bitartean, gauzak nahi baino gehiago atzeratu dira. Oraindik, bi familiak bertan jarraitzen dute, baina, egunotan, falta diren arazoak konponduta, horiek ere etxebizitza berrietara joan ahalko direla uste dugu”.
Lehen mailako beharrizana duten 30 familia etxebizitza berrietara joateko tramiteetan hasita daude. Horietatik erdiak Alokabiderekin kontratua sinatuta dute
Arrigorriko familiez gain, lehen mailako beharrizana duten beste 30 bat familia ere etxebizitza berrietara joateko tramiteetan hasita daude. Horietatik erdiak Alokabiderekin kontratua sinatuta dute, eta besteek ere egunotan sinatuko dutela uste da. “Dakigunaren arabera, Alokabidek beste 34 etxebizitza lortu ditu Ondarroan. Horiek txekeatzen ari dira, eta laister hasiko dira kaltetuen artean bideratzen”.
Ondarroan lortu diren etxebizitzez gain, inguruetako herrietan beste 46 lortu direla aurreratu dute. Era berean, Alokabideren bitartez etxebizitza lortu bitartean, beste
32 familiak eskutik eskurako alokairuak lortu ahal izan dituzte euren kontura.
“Uste baino gutxiago”
Alkatearen esanetan, etxebizitza beharrean daudenek Ondarroan geratu nahi dutela azpimarratu badute ere,
ez dago denentzako nahi beste etxebizitza. “Herrian pentsatzen genuen baino jabe gutxiagok utzi du etxebizitza Alokabideren eskuetan, eta gehiago lortzen ez badira, denen eskaerei ezingo diogu erantzun”.
Kaminñaldeko mendi magaleko lanen ikuspegi orokor bat. Argazkia: Ondarroako Udala
Hori dela eta, etxebizitza hutsak dituzten jabeei deialdi berezia luzatu diete. “Bizitzeko modura dauden etxebitziak behar ditugu, eta horiek Alokabideren esku uzteko eskatu nahi dugu. Etxebizitzak jaso diren modura bueltatuko dira, eta hasiera batean urtebeterako kontratu sinatuko bada ere, horrek ez du esan nahi urtebetekoa izango denik. Egoerak iraun bitarteko epean luzatuko da bakarrik kontratua”.
Lanbide, Kofradia Zaharrean
Etxebizitzak utzi behar izan dituzten familiez gain, San Inazioko hainbat merkatarik ere euren negozioak tokiz aldatu behar izan dituzte. Lanbideren kasuan, bihartik [apirilak 14] aurrera toki berrian hasiko da zerbitzua ematen. Egun batzuez Zaldupen ipinitako bulego mugikorretan egon ostean, Kofradia Zaharreko lehen solairuan emango dute zerbitzua, astelehenetik barikura, 08:30etaik 14:00etara.
Kaltetutako negozioak dagoeneko beste lokal batzuetan beharrean hasita badaude ere, gertatutakoa eta gero, herrian ez da giro
Era berean, kaltetutako negozioak dagoeneko beste lokal batzuetan beharrean hasita badaude ere, gertatutakoa eta gero, herrian ez da giro. Merkatariek, oro har, ere egoeraren eragina igarri dute. Batez ere,
San Inazio inguruko merkatariek igarri dute eragina. Errepidea itxita “erdi inkomunikatuta” geratu diren Kamiñazpiko eta Iturribarriko negozio askorek, salmentetan jaitsierak nabarmen igarri dituztela azpimarratu dute. “Denda horietako bezero asko etxebizitza utzi behar izan dutenak ziren, eta horrek eragin handia izan du”.
Zirkulazioan ere bai
Kamiñaldeko lur jausiak, gainera, zirkulazioan ere eragin nabarmena izan du. Kamiñaldeko sarbidea alde zaharretik ari dira bideratzen eta San Inazio kalea itxi ostean ere, Kamiñazpira saihesbidetik sartu behar da.
Horrek,
autobusen zerbitzuetan aldaketak eragin ditu. Bizkaibusak, esaterako, Kamiñazpiko geltokian ez dira gelditzen. Hortaz, herritarrek Portuko eta Astilleruko geltokiak erabiltzeko aukera dute bakarrik. Hala, eta Kamiñazpiko geltokiko erabiltzaileei erantzun bat eman nahian, udal ordezkariak Bizkaibuseko ordezkariekin batu dira. “Irteera guztietan ezin bada, gutxienez, batzuetan Kamiñazpitik sartzeko eta han gelditzeko eskaera egin diogu”.
[HONI LOTUTA] Ondarroako Kamiñaldeko lur jausia: albiste guztiak, bideoak eta argazki galeriak