Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, ikasturtean egiten duten lanaren erakustaldia eskainiko dute Markina-Xemeingo Dantza Taldeko ikasleek, zpatuan [apirilak 16], 12:30ean, Arkupean. Ianire De Andres irakasleagaz balletean zein dantza modernoan dabiltzan 60 dantzariak aterako dira kalera Dantzakalean ikuskizunean parte hartzeko.
Dantza Klasiko eta Dantza Modernoko ikasleak dantzan egiten Arkupean. Argazkia: Ianire De Andres
3 urte eta 8 urte arteko ballet dantzariak eta 9 urtetik 13 urtera arteko dantza modernoko dantzariak dantza eskolan egiten duten lana erakutsiko dute emanaldirako prestatu dituzten barra erakustaldi eta koreografien bidez. Aurten, lehenengo aldiz, gainera, balleteko nagusien taldeak, Kontxako Barrako piezak dantzatuko ditu. «Hiru urtegaz hasi ziren nirekin dantzan eta aurten, 7-8 urtegaz, Kontxako Barrara joateko aukera izan dugu», azaldu du Ianire De Andres irakasleak.
Garaipen txikia
Joan den asteburuan egon ziren Donostiako erakustaldi erraldoian Markina-Xemeingo ballet dantzari nagusiak, eta ikasleentzat emozioz betetako esperientzia izan zela aitatu du irakasleak. «Beste dantzari batzuekin batera dantzatzea garaipen txiki bat izan zen eurentzat, egiten duten lanaren errekonpentsa, eta garrantzitsu sentitu ziren», nabarmendu du.
Kontxako Barran egin dituzten ariketak erakutsiko dituzte aurten. Argazkia: Ianire De Andres
Donostian egin zuten erakustaldiko lau ariketa eta dantzatxo bat eskainiko dute, zapatuan ere, balleteko dantzari nagusiek, markina-xemeindarrek ere euren lana ikusi ahal izateko.
Balleteko beste talde guztiek dantza bana eskainiko dute, dantza modernokoek, ostera, Uzuri Nieto dantzari eta irakasleak asmatutako El Rey Leon-en koreografia bat eta Ianire De Andres berak asmatutako bat dantzatuko dutela aurreratu du irakasleak.
Indartzen
Zazpi ikaslegaz hasi zen lanean Ianire De Andres eta egun, balleta eta dantza garaikidea kontuan hartuta, 60 ikasle ditu. «Dantzak garapen handia izan du Markina-Xemeinen, gauza arrotz eta aintzainako bat bezala hartzen zena, indarra hartzen joan da azken urteetan».
Kostata baina, mutilak ere hasi direla dantzara hurbiltzen ikusi du irakasleak. «Sei urtetako ibilbidean beste kolore bat ematen goaz», dio.