Gaur [apirilak 16], 09:00etan sartu dira San Inazio kaleko lehenengo bizilagunak beraien etxebizitzetan gauzak hartzera. Etxebizitzak hustu behar izan zituztenetik, bigarren aldiz sartzeko aukera izan dute, ordubetez. Hain zuzen ere, 40A atariko 1-2 solairuetako herritarrak eta 44B atariko 1-2 solairuetakoak izan dira gauzen bila sartzen lehenak.
Atzoko [apirilak 15] batzarrean aipatutako legez, etxebizitza bakoitzean bi lagun sartu ahal izan dira, gehienez, eta horiek hitzordua baino ordu erdi arinago dagokien lekuetan zain egon dira, sartzeko prest. Batzuen kasuan, Zamora tabernaren parean zain egotea tokatu zaie, eta besteei, ostera, Ibaiondoko birilgunearen parean.
San Inazioko bizilagunak kaltetutako tokira sartzen
Ordua ailegatu orduko, larrialdi zerbitzuetako arduradunak atarietakoei deitu orduko sartzeko aukera izan dute, maletak eta poltsak eskuan. Urduritasuna nabari bazen ere, bizilagunak gaurkoan lasaiago ikusi dira. “Aurrekoan, egoera askosaz larriago zen; denok ordu berean sartu ginen, eta ordu erdi izan genituen bakarrik, eta denbora tarte horretan, ezer gutxi hartzeko aukera izan genuen. Horrez gainera, mendia edozein momentuan jausteko beldur ere baginen, eta egoera horretan, ez zaude batere lasai”.
Ordubeteko tarte horretan, hurrengo hilabeteetako premiak asetzeko gauzak batzen saiatu dira. Gehienek, azaldu dutenez, udako arropa eta oinetakoak hartzeko asmoa zuten, eta denbora izanez gero, beste gauzaren bat hartzen saiatuko dira. Ahal izan dutenek, telebistak, liburuak, koltxoiak… denetarik jaso dute, eta horiek guztiak, udal langileen kamioian pilatzen joan dira, kaltetutako gunetik ateratzeko.
Igogailuak martxan egon diren atarietan, gainera, gauzak igogailuetan jaitsi ahal izan dituzte. “Horrek gauzak ateratzeko orduan asko erraztu ditu lanak”, esan dute bizilagunek.
San Inazioko kaltetu batzuk suhiltzaileen saskian
Kalte gehien jasan dituzten etxebizitzetako bizilagunak, ostera, suhiltzaileen laguntza behar izan dute euren etxebizitzetara sartzeko. Zehatz esanda, suhiltzaileen eskalan igo, eta balkoietatik sartu ahal izan dira. Kasu horietan, ezin izan dute gauza handiegirik atera etxeetatik, eskalako saskian dena ez zelako kabituko.
Etxebizitzetan ez eze, ganbaretan ere sartu ahal izan dira, arriskurik ez zegoen kasu batzuetan. “Umeen arropa guztia hantxe gordeta genuen, eta beharrezko gauzak hartzera sartu gara”. Garajeetan ere sartu dira bizilagunak, eta modu horretara, bertan zituzten ibilgailuak atera ahal izan dituzte.
San Inazioko bizilagunak etxebizitzetara sartzeko prest
Goizeko txandako azkenak 14:00etan atera dira, eta berez adierazita zegoena baino ordubete arinago sartzen hasi dira arratsaldeko txandetakoak. “Eguraldi nahikoa txarra egon denez, arriskua areagotu zitekeen beldur ginen, eta hartara, 14:30ean sartu dira bizilagunak euren etxebizitzetara, 15:30ean ordez”.
Arratsaldean, gainera, merkatariek ere euren lokaletan sartzeko aukera izan dute, euren negozioekin jarraitu ahal izateko beharrezko gauzen bila.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.