Kamiñaldeko mendi magalean egiten ari diren lanak martxan onean baldin badoaz ere, San Inazio kaleko bizilagunak ezingo dira euren etxebizitzetara denbora luzez bueltatu.
Atzo [apirilak 15] mendi magalean egiten ari diren
beharren inguruko informazioa helarazi zitzaien herritarrei Kalare Deuna kofradian egindako batzarrean, eta bertan egon ziren teknikariek aurreratu ahal izan dutenez, lehenengo aldian hustutako etxebizitzako bizilagunek, gutxienez, urtebete egon beharko dute etxetik kanpo, eta besteek, ostera, lau bat hilabete.
Arriskua gutxitu bada ere, mendia egonkortu eta arriskua gutxitzeko lanak luzerako joko dute
Teknikoek nabarmendu zutenez, mendi magalaren egoera zer edo zer “egonkorragoa” da orain momentuan, eta kendu duten lur bolumen handiaren ostean, arriskua zer edo zer gutxiagoa bada ere,
mendia egonkortu eta arriskua gutxitzeko lanak luze joko dute. “Lur jausirik handiena egon zenean, lurraren egoera ez zen batere egonkorra eta mendia abiadura handian mugitzen ari zen: egunean 20 bat zentimetro. Uneoro datuak jasotzen ari gara, eta orain ditugun datuen arabera, mugimendu gutxiago sumatzen ari gara. Azken asteotan, euri askorik ere ez du egin, eta horrek ere egoera zer edo zer egonkortzen asko lagundu du”.
Arriskua gutxitzeko lanak
bi fasetan egingo direla adierazi zuten. Aurreikuspenen arabera,
500.000 metro kubiko lur kendu beharko dira, eta lehen fasearen lehen zatiaren bukaeran, dagoeneko 90.000 metro kubiko lur mugitu dituzte mendi magalaren aurreko aldetik. Mendi magalaren atzetik, aldiz, lur azalerarik gehiena jan beharko da: 400.000 metro kubiko inguru.
Teknikoen arabera, lehen fasean lurraren ibilera iraultzen ahalegindu dira. Fase honetan besteak beste, lur jausiaren ibilera iraultzeaz gain, mendiaren pitzadura etengabea ekidin nahi da eta lur jausia eragin zuten faktoreak errepikatzea ekidin.
Mengi magaleko beharrak, epe barruan
Hasita dagoen lehen fasea
hiru edo lau hilabete barru amaituta eduki nahi dute, eta lanak amaitu ostean, nahikoa segurtasun dagoela baieztatzen bada, Artibai aldera begira dauden etxebizitzetako bizilagunak (San Inazio 45-47-49-51-53-55-57-59) euren etxebizitzetara bueltatu ahal izango direla aurreikusten da.
San Inazio kalea itxita. Argazkia: Ondarroako Udala
Mendiaren atze aldea jateko, aldiz,
beste sei edo zazpi hilabete beharko dituzte. Hala, denbora tarte horretan, kalearen beste aldekoek (San Inazio 40-42-44-46-48-50-52) ezingo dute euren etxeetara bueltatu (urtebete inguru).
Teknikoek eta udal ordezkariek nabarmendu zutenez, mendi magalean egiten ari diren beharrak epe barruan, eta ahalik eta azkarren egiten ari dira. Astelehenean [apirilak 18], esaterako, mendi hegaleko lanekin hasteko asmoa dute.
Arreta zerbitzua Maskulu Etxean
Lanak “espero baino gehiago” luzatuko direla kontutan hartuta, gainera, larrialdi egoerari erantzun nahian gizarte langileak eta Alokabideko koordinatzaile batek osatutako arreta zerbitzua berria jarriko da martxan
martitzenetik [apirilak 19] aurrera.
Aurrera begira ere, udalak herritarrekin harreman zuzena mantendu nahi du, aldiro-aldiro batzartuta
Bulego berri horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren beharrizanei modu zuzen batean erantzuteko asmoa dauka, eta horretarako, gizarte langileak jarriko ditu herritarren mesedetara. Hasteko, zerbitzua astean birritan emango da goizez zein arratsaldez. Horrez gain, Alokabidek Ondarroan jarritako teknikaria ere bertan egongo da astelehenetik barikura.
Udal ordezkariek nabarmendu zutenez, aurrera begira herritarrekin
harreman zuzena mantendu nahi du, aldiro-aldiro batzartuta. Horretarako, orain arte bezala kaltetuek sortutako elkartearekin batzen jarraituko du eta elkarteak ordezkatzen ez dituen etxebizitzetako ordezkariak ere bilerara gonbidatu nahi izan zituen.
Etxe gutxi eskura Ondarroan
Udalak azpimarratu zuenez, gainera, orain arte
Kamiñaldeko kaltetuak birkokatzeko arazoak dituzte. Alde batetik, Alokabidek kudeatzen duen prozesua nahi baino motelago doalako, eta bestetik, herritarren aldetik dagoen eskariari erantzuteko gaitasunik ez dagoelako. “Gure asmoa, maiatza amaitu orduko, ahalik eta kaltetu gehien birkokatzea da”.
Hori horrela, udal ordezkariak Eusko Jaurlaritza eta Alokabideko ordezkariekin elkartu dira eta, eta etxeak alokairuan jartzeko
ohiko prozesua azkartzeko eskaria egin dute, “Ondarroakoa larrialdi egoera bat delako”.
Eskutik eskura laga diren etxebizitzak Alokabideren irizpideen barruan sartzeko eskaria egin du udalak
Gauzek luzera joko dutela kontutan hartuta, gainera, eskutik eskura laga diren etxebizitzak Alokabideren irizpideen barruan sartzeko eskaria egin du udalak. “Kontratu zuzenak onartuko direla esan digute”.
Horrez gainera, eta herrian etxebizitza gutxi dagoela kontutan hartuta,
inguruko herrietan ere hainbat etxebizitza bizitzera sartzeko moduan daudela nabarmendu zuten. “Behin lehentasunak zituztenak birkokatuta daudela, bigarren edo hirugarren multzoko bizilagunak etxebizitza horietara joateko aukera izango duzue. Inor inguruko herritara joateko prest baldin badago, horiek banatzen hasiko dira, ahalik eta azkarren”.
Herritarrei eta eskualdeko bizilagunei ere, etxe hutsak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin nahi dio udalak. “Beharra duten herritar guztientzat ez daukagu etxebizitzarik, horregatik berriro ere etxe hutsak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin nahi dugu, oraindik ere beharrizana handia baita”.
Hornidura asko ez dira ordainduko
Herritarren artean etxeko gastuak ordaindu beharrari buruzko zalantzak ere ugariak izan ziren atzoko batzarrean. Udala bere aldetik kaltetuei “gastuak arintzeko ahalegina” egiten ari da. Badoa eta zamarren zergak esaterako, etxea laga behar izan duten herritarrei eten egin zaizkie eta egoera normalizatu arte ez zaizkie berriro kobratuko. Uraren kasuan, kontsumorik ez dagoen bitartean ez da likidaziorik egingo.
Gasaren eta argiaren
kuota iraunkorrak ez kobratzeko eskaera egin zaie banatzaileei. “Kontsumobidetik jakitera eman digutenez, gainera, egoera normalizatu arte hipotekak ez ordaintzeko harremanetan jarrita daude”. Udal ordezkariek azpimarratu zutenez, baldintzak banketxe bakoitzarekin adostu beharko dira.
Udalak jakitera eman duenez, San Inazio zaintzeko segurtasun pribatua kontratatzea aztertzen ari da
Kalea hutsik dagoela eta, segurtasuna bermatu beharko litzatekeela nabarmendu zuten kaltetu askok, eta gai horregaz kezkatuta agertu ziren. Hori bermatu aldera, udala perimetro hori zaintzeko segurtasun pribatua kontratatzea aztertzen ari da. Bien bitartean, gunea uneoro zaintzeko eskaria egingo diote Ertzaintzari.
Diru laguntzak
Azkenik, kaltetuei lagundu ahal izateko diru laguntzen arloa ere lantzen ari dela adierazi zuen udalak. “Batean eta bestean ate joka ibili ostean”, merkatarientzako
65.000 euroko diru laguntza lortu dute. “Laguntza honen bitartez, gehienez ere, hileroko alokairua ordaintzeko 500 euroko laguntza izango dute”.
Kaltetutako bizilagunen premiak asetzeko ere, diru laguntzen lerroa lantzen ari da udala,
240.000 euro inguru. “Aurrerago jakinaraziko zaie kaltetuako herritarrei laguntzak eskuratzeko prozesua zein izango den”.
[HONI LOTUTA] Ondarroako Kamiñaldeko lur jausia: albiste guztiak, bideoak eta argazki galeriak