Kale gorrian geratu direla gogorarazi eta gorriak ikusten ari direnaren erakusle, gorriz jantzita egin dute agerraldia gaur [maiatzak 7] Ondarroako San Inazio kaleko kaltetuek. Aiert Etxanizek hartu du hitza Saiñazio mendi azpixan gestoraren izenean; aldamenean izan dituzte, hustu dituzten etxebizitzetako bizilagunak eta egoerak eraginda kaltetuta dauden beste hainbat herritar ere. Etxetik irtenarazitako familiei beste etxebizitza bat eskaintzea oso astiro doala berretsi dute: “Apirilaren 15eko bileran, udalak esan zigun Alokabidek maiatza bukatu arteko epea eman ziola guztioi erantzun bat emateko, alegia, ia hiru hilabete beharko zituztela. Bitartean, gure herrikoen eta ingurukoen elkartasunetik bizi gara, haien etxeetan, haien eta gure pazientzia jokoan jartzen”.
Saiñazio mendi azpixan gestoraren agerraldia
Horri lotuta, esan dute, Alokabidek apirilaren 22an komunikabideei emandako datuak –50 familia etxeetan sartuta zituela– ez datozela bat beraien datuekin: “Apirilaren 28an ordezko etxebizitza bat hartuta 26 familia zeuden Ondarroan, eta beste 14 hemendik kanpo”. Horregatik, Alokabideri eskatu diote jarrai dezala ordezko etxebizitzak bideratzen, eta utz ditzala kopuruak eta titularrak ekainaren hasierarako edota benetan lana amaitutzat ematen duenerako, larrialdi egoeran bizi direnen ezinegona aregotu besterik ez dutelako egiten halako titularrekin.
Gure herrikoen eta ingurukoen elkartasunetik bizi gara, haien etxeetan, haien eta gure pazientzia jokoan jartzen
Kalte pertsonalak
Etxebizitzek jasandako kalte materialengandik harago joanda, kalte pertsonalez hitz egin dute. “Pertsona asko gara, eta ezinegonak, ezinjakinak eta ezineginak jota gaude denok. Guztiok ditugu zailtasunak egoera larri honetara ohitzeko”. Kanporatutako familien artean ume asko daudela nabarmendu dute, bai eta gaixorik daudenak ere, hondamendiak ahulago harrapatu dituenak, hain zuzen. Horregatik, komunikabideei eskatu diete ez zabaltzeko kalte pertsonalik ez dagoenik.
San Inazio kalearen itxierak beste leku batzuetan ere kalte batzuk eragin dituela gogorarazi du gestorak: “Lubakiaren atzean daude Kamiñazpikoak, irla batean moduan, Bizkaibus zerbitzurik barik bi hilabetean; baita Kamiñaldekoak ere, autoz ezin ailegatuta; gure kaleko denda eta negozietakoak, berriz, kale erdi fantasma batean itotzeko zorian”. Ez dituzte aipatu barik laga beraien etxeak babestesko, mendian lurrak hartu behar izan dizkieten beste hainbat auzoko ere.
Azkenik, Ondarroako Udalari esan diote jaso dutela eginda dien proposamena, aurrerantzean batzarrak elkarlanerako gunea izan daitezen, “informazio bidea baino, erabakigune bat izateko”.
Gorriz jantzita erakutsi dute bizi duten egoeraren larritasuna
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.