Atzo [maiatzak 9], Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian ziurtatu zuenez, Ondarroan inor ez da geratu “gizarte arloko babes barik”, Ondarroako Udaleko zerbitzuekin eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinatuta egindako beharrari esker.
Aldundiak gauzatu duen beharra defendatu zuen Laespadak atzoko agerraldian, eta laguntza ematen hainbat zerbitzuk parte hartu dutela nabarmendu zuen. Egindako beharren artean, “kaleratze, laguntza tekniko eta garbiketa beharra, bizitzeko zentroak eta elikagaiak kaltetuen esku jartzea eta laguntza psikologikoa” aipatu zituen diputatuak.
Atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako saioa. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Gaiagaz lotuta, gainera, oposizioko alderdiek, gizarte arloko larrialdien organoa “ahalik eta azkarren” sortzeko eskatu zioten Aldundiari, “legeak adierazten duen epe osoa bete arte itxaron behar izan barik”; hau da, abenduaren 25era arte itxaron barik. EH Bilduk salatu zuenez, oraindik etxebizitzarik gabe dauden “40 familia baino gehiago” daude Ondarroan.
Zerbitzua oraindik martxan ez dagoen arren, Ondarroan sortutako larrialdi egoeraren aurrean “ez duela inolako gabeziarik” eragin azpiarratu zuen aldundiko arduradunak.
[HONI LOTUTA] Ondarroako lur jausia