Elkartasun uholde ikaragarria eragin du Maialen Aulestia umearen aldeko egunak Lekeition. Amaia Zabala –Aulestiaren amaren lagunak– piztu zuen elkartasunaren argia herrian, eta uholde horren adierazpenik esanguratsuena egin diren hainbat ekimen solidarioetan jaso den diru kopura izan da; Aulestiaren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko 14.500 euro inguru jaso dituzte.
Zabala pozez gainezka agertu zen atzo [ekainak 11], egunaren amaieran, eta herritarren aldetik jasotako erantzuna ederra izan zela azpimarratu zuen. “Hasieran, 3.000 eurora ailegatzea zen gure asmoa, eta gero, gauzak bide onetik zihoazela ikusita, erronka 6.000 euroan ipini genuen, eta hori ere, erraz gainditzea lortu dugu herritarren eskuzabaltasunari esker. Kausa honetan lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Aittita Makurrakoak Maialenen aldeko kartelagaz
Zabalak nabarmendu duenez, 14.500 euro baino gehiago batuta izan ditzakete. “Hainbat talderen datuak falta zaizkigu, eta kopuru hori gutxi gorabeherakoa da. Zenbaketa osoa egiten dugunean, datu zehatza iragarriko dugu”.
Maialenen aldeko eguna amaituta, pozik agertu da Zabala. “Dena oso ondo joan da, eta egin ditugun ekimenetan jende askorek parte hartu du. Dena oso polita izan da”.
Mahonezko zapia lepoan
Elkartasun eguneko antolatzaileek egindako eskariari erantzunda, mahonezko zapia lepoan ipinita irten zuten lekeitiarrek. Izan ere, marinel zapia elkartasunaren ikur bihurtu zen atzokoan, eta edozein jaietan legez, hainbat ekimen egin ziren, guztiak ere, solidarioak.
Herritarrak lasterketa solidarioan
Goizean, esaterako, aringa-aringa solidarioa egin zuten hainbat herritarrek. 2 urtetik 16 urtera bitarteko 161 parte hartzailek eman zuten izena lasterketa solidarioan, eta horren ostean, pankartaren atzetik, herrian zehar aringa-aringa ibili ziren herritarrak.
Lekeitioko eskulan tailerrekoek, ostera, eskulanen salmenta eta erakustaldia egin zuten Eskolapean. Eskumuturrekoak, paparrekoak, malgu hegaldun kapelak, zintzilikariak, belarritakoak… erosteko aukera egon zen. Begoña Oiarbide tailerreko arduraduna pozik agertu zen egin zituzten salmentekin. “Dena ondo saltzen ari da. Pozarren gaude, eta ia dena salduko dugula uste dugu. Hemen salgai ipini ditugunak bakarrak eta bereziak direnez, arrakasta edukitzen ari dira”.
Ainhoa Alzaa eskulan tailerreko zozketako xala soinean. Beragaz batera daude zozketako irabazleak eta xalaren egilea bera ere
Eguerdian, gainera, Mertxe Marante eskulan tailerreko kideak egindako xala zozkatu zuten. Oparia herriko neskato talde bati egokitu zitzaion. Noa, Irati, Enara, Malen, Uxue eta Izarok Santa Agedan batutako dirua xala erosteko zozketan parte hartzeko zenbakiak erosteko erabili nahi izan zuten . Nahiz eta Maialen ezagutu ez, hari laguntzea adostu zuten, eta xala egokituz gero, haren amari oparitzea bururatu zitzaien. Zortea alde eduki zuten atzokoan, eta xala Ainhoa Alzaa Aulestiaren amari oparitu zioten.
Alzaa pozarren hurreratu zen Eskolapera xala nesken eskutik jasotzera. “Gaztetxo hauek egin dutena polita eta hunkigarria iruditzen zait”, azaldu zuen. Era berean, egun solidarioa ere familiarentzako “ezusteko handia” izan zela aipatu zuen. “Hau dela itzela iruditzen zait, izugarria. Orain momentuan sentitzen dudana ezin dezaket berbekin azaldu ere egin. Guretzat ezusteko handi bat izan da, inoiz ahaztuko ez duguna”.
Egunak aurrera jarraitu ahala, beste hainbat ekimen egin zituzten. Eguna borobiltzeko, zozketa solidarioa egin zuten limoneroetan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.