Xemein Abesbatzaren 40. urteurrenaren harira, IV. Xemeingo Gaua egin zuten barikuan [uztailak 8] Markina-Xemeingo Zelaian. Abesbatzako kideak pozik agertu dira ikuskizunaren ostean.
Beste behin ere, oso arrakastatsua izan zen Xemein Abesbatzakoek prestatutako ikuskizuna.
1.500 aulki ipini zituzten agertokiaren bueltan, eta denak bete ziren.
Hori bai, eguraldia zela eta,
ia ikuskizunik egin barik geratu zirela ere aitortu dute abesbatzako kideek. “20:00ak inguruan euri lanbroa hasi zuen, eta denok zerura begira jarrita egon ginen dardarka. Euriak jarraitu izan balu, ikuskizuna bertan behera lagatzera behartuta egongo ginateke. Izan ere, dena berriro frontoian muntatzeko nahikoa astirik ez zegoen”.
Zeanuriko eta Xemein Abesbatzako kideak kantuan, IV. Xemeingo Gauean. Argazkia: Josu Arrate
Ekitaldia Jose Luis Lauzirika Xemein Abesbatzeko
lehen zuzendariaren omenez egindako dokumentalaren proiekzioagaz hasi zuten, eta ostean, ikuskizunaren arduradunak zinemaldiko
glamourra eta distira Zelaira ekartzen ahalegindu ziren.
Aladdin filmeko kanta interpretatu zuten Xemein Gazte Abesbatzakoek bakarrik agertokian. Errepertorioko lehen kantua amaitu eta gero, filmetako irudiak proiektatzen ziren bitartean, beste bi kanta abestu zituzten helduen abesbatzakoekin batera.
The pink panther abestu zuten lehenengo, eta ostean,
The lion king, musikari senegaldarren djembe solo eta guzti.
Gazteek eszenatakia utzi eta gero, beste hainbat pieza interpretatu zituzten Xemein abesbatzakoek, koreografia eta guzti.
Abarkakoak Titanic parodiatzen. Argazkia: Josu Arrate
Ohi modura, Abarka antzerki taldekoek euren
umore puntua ipini zioten gauari. Xemein Abesbatzakoak kantuan ari ziren bitartean, hainbat esketx tartekatu zituzten, baina horietatik barregarriena
Titanic filmaren soinu bandaren ingurukoa izan zen. Filmaren momenturik ezagunenetako bat parodiatu zuten Abarkakoek, hain zuzen. Filmean Rose eta Jack beso zabalik ageri dira itsaso zabalari begira, baina aktoreek traktore gainean parodiatu zuten filmeko momenturik ezagunetarikoa.
Atsedenaldiaren ostean,
euskal folklorea nagusi izan zen agertoki gainean. Xemein Abesbatzakoek
Eusko irudiak eta
Jaialdia interpretatu zituzten Zeanuriko Abesbatzako kideekin batera, Mutrikuko Musika Bandak kantei doinua ipintzen zien bitartean. Hori guztia borobiltzeko, Zerutxu dantza taldekoen dantzak ere izan zituzten.
Xemeingo Gauaren bigarren zatiko une bat. Argazkia: Josu Arrate
Ekitaldia txalo zaparrada artean amaitu zuten, baina gaua bukatu aurretik, beste hainbat ezusteko egon ziren. Besteak beste, Xemein Abesbatzak Juanita Gisasola eta Mari Karmen Ibarzabal omendu nahi izan zituen,
40 urtez jarraian abesbatzan egindako beharragatik. Bi kideek larrosa bana jaso zuten oroigarri.
Xemein Abesbatzakoek, gainera, agertokiaren gainean lagun izan zutenen laguntza lore sorta banagaz eskertu nahi izan zuten.