Mirari Azkune Kaltzakorta (Etxebarria, 1989) trikitilari etxebarritarrak urte asko daramatza plazaz plaza trikiti emanaldiak eskaintzen. Zaloa Zenarrutzabeitia panderojole etxebarritarrarekin hasi eta hura espetxeratu zutenean beste batzuekin ibili eta gero, azken urteetan Aintzane Agirrebeña eibartarragaz ari da. Orain, biek,
Bidea hauspotzen diskoa kaleratu dute. Ingurukoen laguntzagaz, hamahiru abestiz osatutako euren gustuko lana argitaratu dute, ilusioz.
Zelan izan da diskoa grabatzearena?
Dena kasualitatez izan da. Iaz, Bizkaiko Trikitilari Elkarteak maketa lehiaketa bat antolatu zuen, eta parte hartzera animatu ginen. Hiru abesti berri aurkeztu behar ziren, eta nik inoiz abestirik egin ez banuen ere, horretan jarri nintzen eta bost abesti egin nituen. Horietatik hiru aurkeztu genituen. Pentsatu genuen, behin gure abestiak sortuta, merezi zuela horiek kalitatez grabatzea. Eibarko LegarRec estudioan sartu ginen eta grabatzen hasita, gustua hartu genion eta abesti gehiago sortu eta grabatu genituen. Azkenean hamahiru abesti bildu ditugu.
Ez dira gutxi.
Beno, guztiak ez dira berriak. Gureak bederatzi dira. Gero, zegoen hutsunea ikusita, tango bat, Aintzaneren amak egindako abesti bat, Mexiko aldeko bals bat eta Silvio Rodriguezen abesti baten bertsioa ere sartu genituen. Baina ekoizpen osoa familiartekoa izan da. Ingurukoen laguntzagaz, dena egin dugu guk.
Mirari eta Aintzaneren diskoa
Zelakoa izan da estudioko esperientzia?
Niretzako itzela izan da; asko ikasi dugu. Ni behin nengoen sartuta, Aintzane aldiz gehiagotan. Ahal izan dugun momentuetan joan gara grabaketak egiten. Beraz, presio barik ibili gara. Azkenengo txanpan zer edo zer gogorragoa izan da, baina oso gustura ibili gara.
Eta orain, plazaz plaza ibiliko zarete?
Udan ez ditugu plaza asko ere egiten. Pare bat edo egin ditugu eta beste hiru edo lau geratzen zaizkigu.
Mirari Azkune, diskoagaz
Etxebarrian ez duzue diskoaren aurkezpena egingo?
Iazko jaietan bai eman genuen kontzertua, baina aurten, diskoa berandu atera dugula eta, ez daukagu Etxebarrirako ezer programatuta. Dena dela, gure helburua ere ez zen diskoaren aurkezpenak egitea. Baina aurrera begira, zer edo zer egingo dugu. Momentuz pozik gaude diskoa saltzen.
Mirari Azkune: “200 disko baino gehiago atera genituen eta aste bat eta erdian denak saldu ditugu, jendeak oso ondo erantzun du”
Salmentak zelan doaz?
Egia esan lehengo edizioko diskoak di-da saldu genituen, asko eta bizkor. 200 disko baino gehiago atera genituen eta aste bat eta erdian denak saldu ditugu; jendeak oso ondo erantzun du. Jende asko diskoa erosteko zain geratu da eta orain bigarren edizioa aterako dugu. Tabernetatik ere deitu egin digute, disko guztiak saldu dituztela esateko. Diskoan, gainera, iaz istripu baten hil zen nire lehengusu txikiari eskainitako abesti bat ere badago (
Ibai).
Lea-Artibain non erosi ahal da?
Etxebarriko Olaia tabernan eta Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan eskuratu ahal da (10 euro). Eibarren eta Urola Kostako hainbat herritan ere erosi ahal da.
“Egindakoagaz oso gustura gaude. Ez dakigu hain azkar zergatik saldu dugun”
Diskoaren izena zelan erabaki zenuten?
Mirari eta Aintzane: Bidea hauspotzen izena ipini diogu, alde batetik, trikitixa bikote legez Mirari eta Aintzane bezala aurkezten garelako. Eta
Bidea hauspotzen ba hasieratik nahikoa argi geneukan. Lehen, soinuari infernuko hauspoa deitzen zioten, eta diskoari izena ipintzerakoan hortik tira egin dugu. Dena dela, abestiei izenak ipintzea zailagoa izan da.
Hain ondo joan da dena ze, bigarren diskoa egiteko leihoa zabalik utziko duzuela?
[Kar-kar-kar] Bai, zabalik utziko dugu. Momentuz, egindakoagaz oso gustura gaude. Ez dakigu hain azkar zergatik saldu dugun. Berbetan egon ginen, agian, trikiti munduan ez daudela horrenbeste disko. Jendeak Kupela taldea da ezagutzen duena.
Zuek ekoitzitako abestiak kantatzea edo besteenak kantatzea ere ezberdina izango da, ezta?
Norberak egindako abesti bat abestean harroago sentitzen da bat. Nik inoiz ez nuen uste izango abestiak egin egingo nituenik. Aintzanek animatu egiten ninduen, eta azkenean, sortzen hasi eta begira orain.
Zelan gomendatuko zenuke diskoa?
Trikitixa estilokoa bada ere, ezberdina dela esango nuke. Trikitia gustuko duenari gustatuko zaio. Egia esan, denetik dauka.
FITXA TEKNIKOA:
- Izenburua: Mirari eta Aintzane: Bidea hauspotzen.
- Abestiak: Aire aire!, Goza bizitza, Gau hura, Txiki handiak, Bihotz zauritua, Zu eta ni, Magurei, Ibai, Barrenola, Haize aske eske, Geure artean, Datozenak eta doazenak eta Erdi ilunpean.
- Estudioa: LegarRec (Eibar)
- Urtea: 2015-2016.
- Kolaborazioak: Eugenio Gisasola Lutxurdio (bateria), Walter Tuzzeo (teknikoa eta istrumentuak), Bernardo Agilera (gitarra), Eugeni Ubera –Agirrebeñaren ama– (ahotsa eta letra), Eli Andrinua (pianoa), Ander Agirrebeña (ahotsa eta argazkiak), Lorena Elizburu (letren diseinua) eta Mireia Agirrebeña (azalaren diseinua).
- Salmeta lekuak: Olaia taberna (Etxebarria), Kontzeju Zaharra Taberna (Barinaga), Arrate Irratia (Eibar), Kantabria jatetxea (Arrate, Eibar), Sagarbitza taberna (Eibar), Letea jatetxea (Errezil), Ixidro Erretegia (Azkoitia) eta Tirikitrauki denda (Lasarte-Oria).
- Kontaktua: mirari_azkune@hotmail.com