Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldea egoera larrialdikoa edo urgentziazkoa den erabaki nahian dabil.
Ondarroako Udalaren,
Eusko Jaurlaritzaren eta
Bizkaiko Foru Aldundiaren artean adostutako lantaldeak bi batzar egin ditu, eta horietan egoera zer mailatakoa den zehaztu nahian dabiltzala nabarmendu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. “Egoera larrialdikoa edo urgentziazkoa modura zehaztu nahian gabiltza, eta bat edo bestea aukeratzen bada, mendi magalean egiten ari diren
lanetan eragina edukiko luke”.
Mendia amiltzen hasi zenez geroztik, larrialdi egoera mantentzen da, baina urgentziazkoa dela zehaztuz gero, egoera nabarmen aldatuko litzateke
Orain sei hilabete mendia amiltzen hasi zenez geroztik, larrialdi egoera mantentzen da, baina urgentziazkoa modura zehaztuz gero, egoera
nabarmen aldatuko litzateke. Hau da, egoera urgentziazkoa dela erabakitzen bada, mendian egiten ari diren lanen proiektua esleitu, eta gero lehiaketara atera beharko litzateke, eta horrek lanen aurreikusitako epea zer edo zer atzeratu egingo lukeela uste du udalak. “Larrialdi egoera baten aurrean udalak eskumena du lanak ahalik eta azkarren egingo dituenari esleitzeko zuzenean, baina urgentziazko egoera batean, ostera, gauzek euren denbora behar dute”.
Mendi magaleko lanak
Bien bitartean, mendi magalean egiten ari diren lanek martxa onean jarraitzen dute. Lanak burutzen ari diren enpresaren aldetik sei jakinarazpen jaso ditu udalak, eta kopuru horretatik
2,5 milloi euro ordainduta daude (2 milioi udalak ordaindu ditu eta beste 500.000 euroak Bizkaiko Foru Aldundiak), baina, hala ere, beste kopuru handi batek (4,5 miloi bat euro) ordaintzear jarraitzen du, eta zor horiek kitatzea udalaren lehentasunetako bat dela azpimarratu du Bedialaunetak. “Orain arte egin diren lanak ordaintzeko nahikoa diru ez dugu, eta gai hori lantaldeko mahai gainean ipintzen jarraituko dugu. Gure aldetik, ahalegin berezia egingo dugu horiek ordaintzeko. Era berean, egoera larrialdizkoa edo urgentziazkoa izendatzen ez bada ere, guk ez dugu nahi lanak gelditzea. Hortaz, gure nahia, beti ere, larrialdi egoeran jarraitzea izango da”.
Lur jausiak eragindako kalteen konponketa lanei dagokionez, horiek
17 milioi euroko kostua daukate. Kopuru horretan sartzen dira: mendiko lur kentzeak, kendutako lurrak pilatzeko egin behar izan diren desjabetzeak ordaintzea eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzea.
105 familia, etxetik kanpo
Lanei dagokionez, eremua basogabetzeko lanak nahikoa aurreratuta daude, eta horrek mendia amiltzeko arriskua nabarmen gutxitu du. Azken asteotako eguraldi lehorrek ere egoeran asko lagundu dute, eta teknikoen arabera,
mendia ere ez da mugitu aspaldian.
Larrialdi egoera edo urgentziazkoa izendatu bitartean, lanen martxa zer edo zer gutxitu egin da. “Orain momentuan, astebukaeretan ez dira gauez lanean ari, lankarga hori zelan bideratuko den ez dakitelako”.
San Inazioko etxeak, Artibai ibaiaren alboan
Arriskua gutxitu egin dela kontutan hartuta gainera, euren etxebizitzetatik kanpora zeuden 70 bat familiak (Artibai ibaiaren aldean dauden etxebizitzetakoak)
uztailaren 29an etxera bueltatzeko aukera izan zuten. Kaleko zirkulazioa ere egun horretan berrezarri zen, eta auzoko atari bakoitietan dauden saltokiak eta zerbitzuak ere normaltasunera bueltatzen hasiak dira. Hala ere, eta mendia egonkortu artean, atari bikoietan bizi diren beste 105 familiak euren etxebizitzetatik kanpora jarraitzen dute.
San Inazioko auzotarrek, lur jabeek eta dendariek elkarretaratzea egingo dute zapatuan, Kamiñalden
San Inazioko auzotarrek, lur jabe eta dendariek kezkaturik jarraitzen dute, eta euren egoera zein den jakitera emateko, gainera,
elkarretaratzea egingo dute zapatuan [irailak 10], 10:00etan, Kamiñaldeko lur jausiaren parean.
Elkarretaratzea amaitu ostean, gainera, euren etxeetatik kanpo dauden autozotarrek etxebizitzetan sartzeko aukera izango dutela aurreratu dute. Udala protokoloa zein izango den zehazten ari da. “Txandaka sartu ahal izango dira bizilagunak, eta ordubete inguru sartzeko aukera ematea aurreikusten da”.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia