Galbaixo Eguneko ohiturari jarraituz, goitibeherek Galbaixotik Mutrikura doan bidea egin dute. Aurten, 2,5 kilometro luzera duen bidea jaistera ausartu direnak 80 bat goitibehera izan dira.
14:00ak aldera lehen goitibeherak herrigunera jaisteko prest egon dira; 14:30ak arte ezin izan dute Galbaixo gainetik irten. Lehen tramankuluek ziztu bizian egin dute ibilbidea, bihurguneetan batuta egon diren herritarren animoak jaso dituzte.
Goiko Plazan sartzen azkenak, ohi modura, Potronor kuadrillakoen egurrezko goitibehera izan da; 16:30 inguruan ailegatu da plazara ikurrina astintzen. Goitibehera gehienak ailegatu dira helmugara, baina tartean, istripuren bat edo beste ere egon da.
Kuadrilla bat Galbaixo ermitaren alboko zelaian
Istripua. Istripurik larriena Goiko Plazako sarreran egon da. Zehatz esanda, goitibeherak Plaza Txikiaren aurrean zegoen hesia jo du, eta goitibeheran zihoan batek hesiaren burdinarekin zauria egin du. Lekukoen arabera, odol isuri handia eduki du, eta anbulantzia batek erietxera eraman du zauritua.
Erromeria giroan
Bestalde, gaurkoan [irailak 14] Galbaixo Eguna goi-goitik ospatzea tokatu da, eta Galbaixo ermitara inguruetara hurbildu direnek erromeria giroan ibili dira. Askok, ohitura den modura, hamaiketakoa hartuta igo dira, eta ermita inguratzen duten zelaietan jan edanean ibili dira, kuadrillan.
Eguerdi partean, berriz, herri kirolen txanda izan da, eta bertaratu direnek kirol erakustaldi ederra ikusteko aukera izan dute. Alde batetik, Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak aizkoran aritu dira, eta bestetik, Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra harri jasotzen ibili dira. Eizmendik lan polita egin du, eta estreinako, 200 kiloko harritzarra jasotzea lortu du han batutako guztien gozamenerako.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.