Covitek salaketa jarriko dio Lekeitioko Udalari Toñuari harrera egiteagatik
Preso ohi lekeitiarrak ongietorrian alkatearen aulkia hartu izana «biktimak apaltzea» dela dio elkarteak. Salaketagaz, udalari «terrorismoa goraipatzea» ere leporatuko diola azaldu du CovitekCovite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak iragarri du Leke...
Preso ohi lekeitiarrak ongietorrian alkatearen aulkia hartu izana «biktimak apaltzea» dela dio elkarteak. Salaketagaz, udalari «terrorismoa goraipatzea» ere leporatuko diola azaldu du Covitek
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak iragarri du Lekeitioko Udala salatuko duela Andoni Gabiola Toñua preso ohi lekeitiarra omendu eta hari alkatearen aulkian jartzen uztearren. Toñua alkatearen aulkian jartzea «terrorismoa goraipatzea eta terrorismoaren biktimak apaltzea» dela azaldu dute, eta. hori «delitua» dela.Zehatz esateko, biktimen elkarteak salagarritzat jo duen gertaera bariku iluntzean gertatu zen. Coviteren berbetan, preso ohi lekeitiarrak «Euskal Herriko kaleak odolez eta minez betetzen lagundu du». Elkartearen arabera, politikariek ezin dute geldirik egon «moralik gabeko horrelako ekintzen aurrean». Gainera, ekintza bera Lekeition egin izanak ere garrantzia duela azpimarratu dute. «ETAk Ignacio Montes Abad marinela, Juan Rodriguez Rosales udaltzaina eta Alberto Villena Castillo guardia zibila hil zituen Lekeition».
Covitek dio, gainera, ETAren armagabetzea eta gero, Europan «erradikalen» aurka egitea lehentasuna den bitartean, Euskal Herrian «presoenganako enpatia» nagusitzen dela. «Gaur egun, beste inor hiltzen ez duten horiek arriskutsuak ez direlaren ustea dago, eta, ondorioz, denak balio duela», esan dute.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak HITZA-ri jakin eragin dionez, momentuz ez dute salaketa ofizialik jaso. «Udaletxera ez da ezer ailegatu».
Preso oiharen etorrera
Toñuak 36 urte egin ditu bere herritik kanpo. 1980an alde egin zuen, eta 16 urte egin ditu preso, lehen urteak Frantziako kartzeletan eta azken 14ak Espainiakoetan; Badajozen 12 urte bete ditu lekeitiarrak.
Zigorra osorik beteta geratu zen aske, eguen goizean.
Bariku iluntzean Lekeitiora ailegatu zenean, ama bisitatzea izan zen egin zuen lehena, eta 20:15ean ailegatu zen Eskolapera, senideek lagunduta.
Orduan, herritarrak, lagunak… denak zituen zain. Eskolapearen inguruko bazter guztietako aterpeetan egon ziren euritik babestu nahian, baina Toñua ailegatu zenean bide erdira aterata egin zioten harrera. Sabino Arana hiribidetik jaitsi zen Eskolaperantz eta lagun eta herritarren berotasuna eta lore sortak jaso zituen.
Eskolapean elkartutako guztiak agurtu zituen Galarrena tabernarako bidean, eta bertan eskegita zegoen argazkia kendu zuen preso ohiak, herritarren txalo artean.
Hurrengo egunean, ostera, udaletxean egin zioten bigarren ongietorria. Eta hain justu ekintza hori da Covitek salatu duena.