Lekeitioko
Tximista atletismo taldeak antolatuta, Ondarru-Lekitto Kostaldeko lasterketa egin dute gaur arratsaldean [irailak 24], 162 korrikalarik; 139 gizonezkok eta 23 emakumek. Horietatik 133 bizkaitarrak izan dira, 23 gipuzkoarrak, 3 arabarrak eta 3 nafarrak. Lea-Artibaiko kirolarien parte hartze handia egon da;
72 izan dira
eskualdekoak.
Maila handia egon da lasterketan eta denbora bikainak lortu dituzte aurrean ibili diren kirolariek. Lehen laurak
Durango kirol klubeko atletak izan dira, euren artean, Ibon San Miguel Olabarriaga lekeitiarra.
Ekaitz Kortazar, Aitor Mimenza eta Ibon San Miguel, lehen hiru gizonezkoak proba amaituta.
50 minutu bete orduko ailegatu da helmugara
Aitor Mimenza Castillo, probaren irabazlea. 0:49:57 denbora egin du Elorrioko korrikalariak, hain zuzen.
Bere atzetik heldu da
Ibon San Miguel Olabarriaga, 15,5 kilometroko kostaldeko lasterketa 0:50:24 denboran eginez.
Minutu bat pasatu orduko heldu da hirugarren gizonezkoa Independentzia plazako helmugara.
Ekaitz Kortazar Zenikaonaindiak 0:51:05 denboran egin du lasterketa.
Emakumeen artean lehenengoa, berriz,
Nere Arregi Sagasta arrasatearra izan da. Gogo guztiekin kolpe dio Arregik helmugako zintari. Arrasatekoak, 1:05:42 denboran egin du ibilbidea.
Janire Arribalzaga, Nere Arregi eta Marina Etxebarrieta, lehen hiru emakumeak, sariak hartzen lasterketaren amaieran.
Janire Arribalzaga Etxabe Gernika-Lumokoa izan da, berriz, helmugaratu den bigarren emakumea 1:07:13 denbora eginez. Bere atzetik ailegatu da txalo artean bai eta ere,
Marina Etxebarrieta Arteagabeitia lekeitiarra. 1:09:52 denboran egin du Etxebarrietak kostako bidea.
Eskualdeko lehenengo neska-mutilek ere izan dute gaur, merezitako saria. Kioskoko podium gainera igo dira Marina Etxebarrieta, Arantza Meabe eta Andere Ogando lekeitiarrak, eta Ibon San Miguel eta Ibon Bengoetxea lekeitiarrak eta Asier Ugartetxea ondarrutarra.
Ondarroako Itsas Aurre plazatik irten eta Lekeitioko plazan amaitu dute korrikalariek lehenengo bidar egin den Ondarroa eta Lekeitio arteko lasterketa. Bero apur bat egin duen arren, eguraldia lagun izan dute kirolariek eta antolakuntzagaz ere pozik agertu dira parte hartzaileak, “errepikatzeko gogoz”, esan dute batzuek.