Domekan [urriak 9] Mutrikun egindako
zumba jaialdi solidarioan 1.300 euro inguru batu ziren. Batutako diru guztia, hain zuzen ere, Angelman Sindromea ikertzera bideratuko dela nabarmendu dute ekimenaren antolatzaileek.
150 bat parte hartzaile batu ziren Angelman Sindromearen Elkartearen alde egindako ekimen solidarioan, eta horiez gain, ikusle modura harmailetan egon ziren beste 50 bat lagunek ere bat egin zuten ekimenarekin.
Joseba Antxustegi
Angelman Sindromearen Elkartearen Mutrikuko ordezkaria oso pozik agertu da ekitaldiak izan duen arrakastarekin. Nabarmendu duenez, pozik daude ekitaldiak beste urte batez jende asko batu duelako, eta elkartearen izenean bertan parte hartu duten herritar horien guztien
laguntza eskertu nahi izan du.

Mutrikuko zumba jaialdi solidarioa. Argazkia: Joseba Antxustegi
Ekitaldiari dagokionez, umeen
zumba saioa egin zuten lehendabizi.
20 bat minutuko saioan zumba-ren mundua ezagutzeko aukera izan zuten 30 bat umek. Jarraian, nagusien txanda izan zen, baina aurretik, Eneko Elezgarai Gure Ametsa dantza taldeko kideak aurreskua egin zien ekimen solidariora etorri ziren irakasleei.
Nagusiek, aldiz,
bi bat orduko saioa egin zuten gelditu ere egin gabe, agertokiaren gainean irakasleak txandakatzen joan ziren bitartean. 13:30ean amaitu zen ekitaldia, eta bukaeran parte hartzaile, irakasle eta ikusleen parte hartzea eskertu nahi izan zuten Angelman Sindromearen Elkarteko kideek. Amaitzeko, bertan parte hartu zuten irakasleek Mutrikuko produktuez osatutako otzara bat jaso zuten opari.