Bihar [urriak 15], 17:00etan, larriki gaixorik dauden euskal presoak etxeratzeko eskatuko duen manifestazioa egingo da Donostian. Protestara joatearen garrantzia nabarmendu dute Angelita Burgoa Ibon Iparragirreren amak eta Urtza Alkorta Sarekideak.
Momentu honetan larriki gaixorik dauden 10 preso daude espetxean. Espetxealdiak zelan eragin du euren osasunean?Urtza Alkorta: Kartzelan, oro har, presoen giza eskubide asko daude zapalduta, eta horien artean bat da osasun eskubidea. Osasun eskubidea berez zapalduta baldin badago, larriki gaixorik dauden presoen kasuan zapalketa hori areagotu egiten da, eta euren gaixotasunak aurrera egiten du, egoera larriagotuz. Luzatzen joaten dira medikuarengana joateko txandak, medikuarengana ospitalera eramaten dituztenean eskuburdinekin eramaten dituzte, konfiantzazko medikuek ez dute presoa ikusteko aukerarik…
Zortzi, gainera, sakabanatuta daude.U.A.: Sakabanaketa beste eskubide urraketa bat da, eta horrek eremu guztietan aregoatzen du presoek duten zapalketa hori.
Urtza Alkorta eta Angelita Burgoa manifestaziorako deia egiten
Gaixorik dauden 10 presoen artean dago Ibon Iparragirre ondarrutarra. Zelan dago?Angelita Burgoa: Ibonek HIESA du C-3 estadioan, eta bere gaixotasuna osatu ezin bada ere, etxean bere gaixotasuna nahikoa bideratuta eduki ohi du. Kartzelak bere osasunean eragin negatiboa izan du. Lehenengo kartzelaldian, esaterako, ikusmena nabarmen galdu zuen, buruan duen orbanak eraginda.
Angelita Burgoa: “Kartzela, nire ustez, osasunaz sartzen dena gaixotzeko sistema da, eta gaixorik sartzen dena, aldiz, hiltzekoa”
Eta kartzelan bigarren aldiz sartu zutenetik hona bere egoerak aldaketarik eduki al du?A.B.: Kartzelan bigarrenez sartu aurretik bere defentsak 450 inguruan zebiltzan. Ibon 17 urte zuenetik GIBduna da, eta defentsak ordutik hona 450 inguruan mantendu izan ohi ditu. Kartzelara sartu duten bietan, ostera, defentsa horiek nabarmen beheraka egin dute.
Kartzelan zer egoeratan dago Ibon?A.B.: Hasiera batean isolamenduan eduki zuten, baina orain bigarren graduan dago. Bera orain momentuan dagoen kartzela (Alcala Meco) oso zaharra da, eta higiene oso eskasa du. Kartzela, nire ustez, osasunaz sartzen dena gaixotzeko sistema da, eta gaixorik sartzen dena, aldiz, hiltzekoa. Egunetik egunera bere osasuna gainbeheran doala ikusten dugu; oraintxe 66 defentsa besterik ez ditu. Kopuru hori oso gutxi da, kartzelan bestelako gaixotasunak dituzten preso asko egoten dira, eta edozein momentuan, Ibonek infezio bat hartzeko arrisku handia dauka. Dagoen ziegan, ez du txirrinik ezta antzeko ezer. Berak txirrin bat jartzeko eskaera askotan egin du, zerbait pasatuko balitzaio abisatzeko, baina ez diote inolako jaramonik egiten.
Kartzelaldian, gainera, proba medikuak gutxitu egin dira.A.B.: Urtebetean, esaterako, ia ez diote proba medikurik egin. Aurten bi analitika egin dizkiote bakarrik; bata, urtarrilean, eta bestea, irailean. Lehen etxean zegoenean, proba gehiago ere egiten zizkioten. Erresonantzia magnetikoak sei hilean behin egiten zizkioten, eta kartzelan dagoenetik, bi urte eta erdian, bi besterik ez dizkiote egin. Orain ia urtebete erresonantzia magnetikoa egitera aterako zutela eta, prest egoteko esan zioten. Goizaldean, lo zegoen bitartean, 00:40ean, proba egitera eraman behar zutela-eta esnatu zuten, eta berak erantzun zien, goizegi zela Madriletik bueltaka ibiltzeko. Goizean joan behar zuela erantzun zien, eta hori sinatu ostean, paper bat sinatzeko esan zioten. Dirudienez, paper hartan sinatu zuenaren arabera, proba ez zuela egin nahi esaten zuen, eta aitzakia hori proba ez errepikatzeko bere aurka darabilte.
Burgoa eta Alkorta, manifestazioko kartelagaz
30 hilean bost eraso jaso ditu Ibonek. Egoera horrek zelan kezkatzen zaituzte?A.B.: Telefonoak jotzen duen bakoitzean dardaraka egoten naiz, eta bisitara joaten garen bakoitzean ere zelan aurkituko dugun kezkatuta egoten gara.
Gaixotasun larria duen arren, etxeratzea ukatu diote Iboni. Momentu honetan zelan dago gai hori?A.B.: Erretrobiralik ez duela hartzen aitzakia modura hartuta, espetxetik ez ateratzea erabaki du epaileak. Erretrobiralek kalte handia egiten diote Iboni. Kartzelara sartu baino arinago ere hartu izan ditu, baina onerako izan ordez, kalterako izan dira.
U.A.: Kartzela politika mendekua da, eta adibiderik argiena larriki gaixorik dauden presoekin ematen da, gutxieneko giza eskubideak ere ez dira bermatzen eta.
Urtza Alkorta: “Borondate kontua da, eta preso gaixoek legez etxean egon beharko lukete”
Aurrera begira zer eskabide egiteko asmoa daukazue?A.B.: Atzera ere eskaera egiteko asmoa daukagu. Proba berriak batzen ari gara aurkeztu ahal izateko. Bien bitartean, han eta hemen ateak jotzen jarraitzen dugu. Aurreko astean, esate baterako, Munilla gotzainagaz egon nintzen.
U.A.: Borondate kontua da, eta preso horiek legez etxean egon beharko lukete. Saretik ahalik eta jende gehienanagaz batzen joatea nahi dugu. Eragile ezberdinekin egon, ate desberdinak jo, eta beste ate batzuk irekitzen saiatuko gara, gaixorik dauden hamar kide horiek etxera ekarri arte. Herriaren aktibazioa behar dela argi dago.
Orain gutxi NBEk eskaera onartu du. Eskaera horrek bide asko ireki ditzakeela uste duzue?A.B.: Hemen inork egin ez duen eskaria Argentinan egin dute. NBEak txostena onartu du, eta orain gaia eztabaidatzea falta da. Protokoloa sinatuta dago, eta gutxien espero dugunean etorriko dira Ibon ikustera, eta hori gertatzeko zain gaude.
Zuentzako aurrerapauso handia da, ezta?U.A.: Horrelako gauzek itxaropena ematen digute. Azken finean, Espainiako Gobernua mugiarazi behar dugula argi daukagu, baina mugiaraztea ez da lan erreza.
Angelita Burgoa eta Urtza Alkorta
Biharko manifestazioan parte hartzeak ze garrantzia dauka?U.A.: Bihar Donostiara joatea oso garrantzitsua da, preso horien askatasuna eskatzen herri oso bat dagoela erakutsi behar dugu. Hau da, giza eskubideen aurrean herriak erantzuten duela erakutsi behar dugu. Berandu baino lehen etxera ekarri behar ditugulako, larrialdi egoerako manifestazio bat da biharkoa, presazkoa. Izan ere, herri oso bati egiten zaion eraso bat da larriki gaixorik dauden hamar lagun horiek kartzelan mantentzea.
A.B.: Preso horiek larrialdi egoeran daude, eta denbora gure aurka dago. Gaixoen aurka dago denbora, eta zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta bizitzeko aukera gutxiago edukiko dute.
Deialdi zabala egin duzue, eta eragile asko ari dira gehitzen. Horrek zer garrantzia du?U.A.: Jendartearen aldetik aktibazio hori badagoela ikusten ari gara. Azken finean, preso gaixoak etxera ekartzea da nahi dena, eta argi daukaguna da larriki gaixorik dauden presoak etxera ekarri nahi baldin badira, batu egin beharko garela.
A.B.: Giza eskubideak benetan urratzen ari direla gure kontzientzian baldin badago, denok batera eman beharreko pausoa dela uste dut.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.