Ondarroako Gizarte Ongizarte batzordeak bultzatutako sentsibilizazio kanpaina bereziaren barruan, zapatuan [urriak 22] mendi irteera inklusiboa egingo da Karenka Guraso Elkartearen eskutik. “Irteeraren helburua, oro har, Ondarroan
bestelako beharrak dituzten umeak ere badaudela ikustaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea da”, azaldu dute Mikel Saizar eta Iker Lizarzaburu Karenka elkarteko kideek.
10:00etan batuko dira Alamedan, eta bertatik, Artibai ibaiaren alboko pasealekutik zehar, Errenteria aldera egingo dute ibilaldia “lasai-lasai”, bide horitik. “Gure asmoa, ahal badugu, Gorozikako bidegurutzera ailegatzea da, Aranzubia dorretxearen ingururaino”,
Herritar guztiek bertan parte hartu ahal izateko, gainera,
ibilbide erraza eta polita aukeratu dute, ahalik eta lauena. “Behar bereziak dituzten zenbat eta gehiago batu, hobe. Modu horretara zelako aniztasuna dagoen ikusi ahal izango da. Era berean, kasu desberdinak ezagutu, eta hala edo bestela, ekintza horretan denek parte hartu ahal izango dutela erakutsiko dugu”.
Mikel Saizar eta Iker Lizarzaburu, Karenkako kideak
Hiru bat orduko ibilaldia egingo dute Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz, eta Aranzubia parera ailegatu ostean, talde argazkia atera eta herrira bueltan hasiko dira. Amaieran, 13:00-13:30ak aldera,
otordu txikia egingo dute Antiguako Ama elkartean.
Deialdi zabala. Karenkakoek azaldu dutenez, ibilaldian ahalik eta herritar gehien batzea da euren asmoa, hortaz, ondarrutar eta eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura. “Nahi duen guztiak Alamedara agertu besterik ez du izango”.
Herrian antzeko beharrak dituzten beste familiei laguntzeko elkarteko ateak zabalik dituzte Karenkakoek
Batez ere, familia giroan egiteko ibilaldia izango dela aurreratu dute, eta arrazoi horregatik herriko ikastetxeetan ibilaldiari buruzko informazioa banatu dute, eta nahi izan duenak, aurretiaz izena emateko aukera izan du. “Zerrendak, batez ere, gauzak aurretiaz hobeto antolatzeko ireki ditugu”.
Urtebete lanean. Karenka Elkartea duela urtebete eman zen ezagutura. Hain zuzen ere, dibertsitate funtzional fisiko eta sentsoriala duten seme-alabak dituzten gurasoek indarrak batu eta taldea sortzea erabaki zuten. Taldeko kideak Antiguako Ama egoitzan batzen dira, eta berau, oraingoz, bederatzi familiak osatzen dute.
Azpimarratu dutenez, herrian antzeko beharrak dituzten beste familiei laguntzeko elkarteko ateak zabalik dituzte. Taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek
karenkaondarru@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete. Informazio gehiago eduki nahi dutenek, ostera, Karenkaren Facebook orrialdea bisitatu dezakate.