Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko lur jausiaren ondorioz kaltetutako herritarren oinarrizko beharrak kudeatzeko emandako diru laguntzen gastuak justifikatzeko epea luzatzea onartu dute, gaurko [azaroak 8] Gobernu Kontseiluan.
Jaurlaritzak, hain zuzen ere, San Inazioko hainbat familiak euren etxebizitzetatik kanpora jarraitzen dutelako hartu du erabakia. “Une hauetan kaltetutako 84 familia ezin izan dira oraindik euren etxebizitzetara itzuli. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez, behin-behineko bizilekuan eguneroko bizitza egiteko behar oinarrizkoenak estali ahal izateko oinarrizko elementuen premia izaten jarraitzen dute”.
Eta herritar horiek euren etxebizitzetara noiz itzuli ahal izango diren oraindik ezin denez zehaztu, gastuak justifikatzeko epea
2017ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki dute. Gobernu Kontseiluak, hain zuzen ere, San Inazioko familia kaltetuentzat 240.000 euroko diru laguntza bideratzea onartu zuen maiatzaren 3an.
Mendi magaleko lanen inguruko batzarra.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, bestalde, Kamiñaldeko beharren finantzaketaren inguruko batzarra egingo dute bihar [azaroak 9], 12:30ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan. Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Ondarroako Udaleko ordezkariek parte hartuko dute batzarrean.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia