Maribel Aiertza Rementeria (Etxebarria, 1962) idazleak laugarren liburua argitaratu berri du:
Jauregiko sekretua (
Ibaizabal, 2016). Liburu berria sinatzen egongo da
Durangoko 51. Azokan.
Jauregiko sekretua izena du lanak. Horregaz izenagaz misteriozko liburua izango da, ezta?
Liburua, batik bat, misteriozkoa da. Azken-azkenera arte gordetzen da misterioa, gainera.
Protagonista nagusiaren izena ere, ia-ia misterio bat da.
Liburuaren ia amaiera arte ez dugu ezagutuko protagonistaren izena. Egia esan, liburua idazteko aukeratu dudan idazketa formagaz dauka zerikusia. Eguneroko baten modura idatzita dago, eta lehen pertsonan berak protagonistak egunero oporraldi horretan idazten duena jasotzen du.
Maribel Aiertza idazlea, azken liburua eskuetan
Unaxen pertsonaia nolakoa da?
Mutiko on bat da, baina gurasoekin bere gorabeherak ditu. Berak oporraldia beste toki batean pasa nahi du, baina gurasoek, beste askoren modura, aiton-amonak zaindu behar dituzte. Eta euren oporraldia aiton-amonak zaintzen emango dute.
Hasiera batean oporretara gogoz kontra badoa ere, gustura geratzen da Unax, ezta?
Berak esaten duen modura, tximeleta bat basamortuan baino gehiago aspertuko dela pentsatzen du hasieran, baina gero kontrakoa gertatzen da. Edozein momentuan ezusteko bat egon ahal dela, eta gauza interesgarriak gerta litezkeela konturatzen da.
Tximeletek ere badute bere garrantzia istorioan.
Hasieran agertzen ez baldin bada ere, agertzen denetik eta bukaera arte, tximeleta zuriak sinbologia handia dauka.
Eta hori?
Tximeleta zuria herri sinesmenagaz lotuta dago. Tximeleta zuri bat argi inguruan hegan ikusten baldin baduzu, berri ona etorriko dela esan nahi du. Eta ideia hori ere istorioan sartzea erabaki dut.
Liburuagaz balore batzuk ere transmititu nahi izan dituzu.
Belaunaldi arteko harremana, esaterako, asko agertzen da. Aiton-amonekin duen harremana, egia esan, oso polita da; istoriorako egokia ikusten nuen, gainera.
Liburua idazteko ideia zelan bururatu zitzaizun?
Ikastetxeetan liburu baten inguruko saio bat egiten ari nintzela neskato batek eurak askotan aspertu egiten zirela esan zidan. Horrekin harrituta gelditu nintzen, eta gaiari bueltaka hasi nintzen. Kosta zitzaidan sinistea, baina euren pantaila jokoekin edo telebista aurrean ez baldin badaude, ez dakitela zer egin edo zertan jostatu konturatu nintzen. Eta hori izan zen liburua idazteko abiapuntua. Pertsonaia bat asmatu, eta bere iritzirako leku aspergarri batean jartzea erabaki nuen.
Maribel Aiertza
10 urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako lana da.
Horrela sailkatuta baldin badago ere, 8 urtekoek ere irakurri ahal dutela uste dut. Egunerokoa denez, kapituluak laburrak dira, eta lehenengo pertsonan idatzita egotean ere, esaldiak ere ez dira hain konplexuak.
Durangoko Azokan liburua ere sinatzen egongo zara domekan eta martitzenean. Zer garrantzia dauka horrek zuretzat?
Niretzat Durango urtero joan beharreko leku bat da; kultura bizi duen jendearen artean gozatzen dudan leku bat da. Hori bai, libururen bat argitaratuta eduki dudanetan, bereziago izan da niretzako. Izan ere, gertuko harremana sortzen da irakurleekin edota liburua erostera datozenekin.
[HONEGAZ LOTUTA] Durangoko 51. Azoka