Finalerako zein helburu duzu?
Aurten finalean egon, eta pauso bat gehiago ematea exijitu diot neure buruari. Uste dut jendeak ere eskatzen didala hori. Finala lehiatu nahi dut hitzaren zentzu positibo eta zabalenean. Oinak lurrean ditut, eta badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Finalean presente egotea baino harago, saio on baten parte izan nahi dut; nire arrastoa, marka propioa utzi oholtza gainean.
Saioetan zelan sentitu zara?
Txapelketa arraroa izan da niretzat. Ohituta nengoen behe-behetik hasi, eta pausoz pauso joaten. Finalerdietan sartzeak prestaketan, txapelketa bizitzeko moduan, presioan… eragina izan du. Finalerdian banekien gauzak ondo egiten ari nintzela, baina saio bakarrean dena jokatzeak nolabaiteko beldurra eragin zidan. Hala ere, egoera ondo kudeatzen jakin, eta saioagaz nahikoa gustura geratu nintzen.
Nork jantziko du txapela?
Uste dut denok dauzkagula antzeko izenak buruan. Bizpahiru ikusten ditut nahikoa argi aurrean egoteko, baina finala da, eta ezustekoak egon egongo dira.
Motzean:
- Amuriza. Argia, maiuskulaz.
- Lekue. Gozamen hutsa.
- Ugartetxea. Bertsonajea.
- Uria. Zehaztasun matematikoa.
- Ajuriagojeaskoa. Benetako artista bat.
- Enbeita. Originala eta kopiaezina.
- Ibarzabal. Aurtengo sorpresarik onena.
[HONEKIN LOTUTA]:
Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarra.