Puzgarriak eta karta jokoa, Berriatuan
Umeentzako parkea eta Zentrala tabernak urtero egiten duen mus txapelketa egin dira asteburuan, Berriatuan. Batean zein bestean, herritarrek ondo pasatzeko aukera eduki dute.Adin tarte ezberdinetako berriatuarrek ondo pasatzeko aukera eduki zuten zapat...
Umeentzako parkea eta Zentrala tabernak urtero egiten duen mus txapelketa egin dira asteburuan, Berriatuan. Batean zein bestean, herritarrek ondo pasatzeko aukera eduki dute.
Adin tarte ezberdinetako berriatuarrek ondo pasatzeko aukera eduki zuten zapatuan. Alde batetik, umeentzako jolas parkea egon zen Mendibarren frontoian. Bestetik, Zentrala tabernak urtero egiten duen mus txapelketa jokatu zen.Umeentzako jolas parkeak askotariko ekintzetan jolasteko aukera eskaini zien herriko gazteenei. Batzuek puzgarrietan jolasten zuten bitartean, beste batzuk ohe elastikoetan ibili ziren; marrazketa txokoan ere ibili ziren ume batzuk.
Parkea goizez eta arratsaldez egon zen zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta berriatuarrez gain, inguruko herrietako bizilagunak ere joan ziren.
Mus txapelketa
Beste alde batetik, zapatu arratsaldean Zentrala tabernak urtero egiten duen mus txapelketa jokatu zen. Eta horretan 46 bikotek parte hartu zutela jakitera eman dute antolatzaileek. Horien guztien artean, Maite Bereikua eta Ainhoa Arrate izan ziren irabazleak; biek ala biek pozarren jantzi zituzten txapelak.