Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea osotasunean hartzen duen HITZA proiektua harpidedunei esker bizi da. Internet bidez irakurtzeko aukera badago ere, harpidedunak dira hori posible egiten dutenak. Eta harpidedun izateak edo egiteak daukan garrantzia azaltzeko, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat aurpegi ezagunek babesa eman diote Hitza-ri.
Hitza sostengatzen eta laguntzen duten udal batzuekin batera, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia ere badaude. Eta haien laguntza ere ezinbestekoa da aurrera egiteko. Baina haiekin guztiekin, harpidedunak ere funtsezkoak dira.
Eta hain zuzen ere, urtez urte, tantaka-tantaka, harpidedunak galtzen doa Hitza. Eta etorkizunean erronka berriei aurre egin edota hobekuntzak egin ahal izateko, harpidedunak behar ditu; harpidedunak dira proiektua eusten eta hauspotzen dutenak, eta haiek gabe, Interneteko ataria ere desagertu egingo litzateke.
89 eragileren babespean. Harpidedun eta udal laguntzaileez gain, Hitza-k bi eskualdeetako 89 eragileren babesa dauka; Lea-Artibai eta Mutrikukoak 65 dira, eta Busturialdekoak 24.
Haien artean daude enpresak, ikastetxeak, kirol eta kultur taldeak, norbanakoak, talde ekologistak, talde feministak eta abar. Eta haiei guztiei ere eskerrak eman behar zaizkie.
- Udal laguntzaileak
- Lea-Artibai eta Mutriku: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
- Busturialdea: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Murueta, Muxika, Nabarniz.
- Laguntzen ez dutenak
- Lea-Artibai eta Mutriku: Mendexa.
- Busturialdea: Arratzu, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrieta.