Urtarrilaren 7ko gertakaria da. Bi ertzain Markina-Xemeingo taberna batera sartu ziren, uniformeagaz, eta bi kafe eskatu zituzten. Momentu hartan tabernan lanean zegoen zerbitzariak ondokoa erantzun zien: “Kafetegi honetan ez dugu zerbitzatzen armak daramatzan inor”.
Zerbitzariak emandako erantzunaren aurrean, ertzainek erreklamazio orria eskatu zuten, kafetegiko langilearen jarrera ez zela “zuzena” iritzita. Baina tabernan ez zuten erreklamazio orririk. “Momentu hartan ez genituen”. Ertzainek adierazi zuten ertzain uniformea janztea ez litzatekeela “bazterketa arrazoi” izan behar, eta argudiatu zuten beste bezero batzuk bazeudela kontsumitzen taberna barruan.
Arduradunaren berbak. Tabernako arduradunak HITZAri jakin eragin dionez, momentu hartan tabernan lanean zegoen zerbitzariak erantzun hori ematea erabaki zuen. “Eta aurrerantzean ere horrela izango da”.
Dena dela, momentuz ez dutela salaketaren berri esan du. “Hona ez da ezer ailegatu. Horrek ez du esan nahi ailegatuko ez denik”. Ertzaintzak dio espedientea zabaldu diotela, aginteari “errespetu falta” izatea egotzita.
Legea. 2015ko udan sartu zen indarrean Herritarren Segurtasunerako Legea. Eusko Legebiltzarrak haren aurka egin zuen, baina 2015eko uztailetik 2016ko apirilera bitartean, lege hori oinarritzat hartuta Ertzaintzak 3.959 zigor ezarri zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; batez beste, 61 zigor astean. Ondarroako taberna baten ere antzeko zer edo zer gertatu zen, eta orduan, taberna jabeak isuna ordaindu behar izan zuen.