Ondarroako Udalak eskatutako azterlan batek dionaren arabera, Kamiñaldeko urbanizazio lanetan
hainbat akats egin ziren. Besteak beste, lur jausi arriskua aurretik atzemanda zegoela jasotzen du herritarren eskura dagoen dokumentuak. “Proiektua idatzi aurretik jasotako 2002ko txosten geotekniko batek ezpondaren geruzek jausteko arriskua zutela atzematen zuen. Hori dela eta, ainguraketa buloiak ipintzea eta mugimendu posibleak antzemateko inklinometroak ezartzea gomendatzen zen”, dio txostenak.
Ingeotyc enpresak udalaren eskariz idatzi duen txostenaren arabera, gainera, eta hainbat arriskuren berri eman bazen ere, horiek zuzentzen
ez zen nahikoa diru inbertitu. 2004ko martxoan, eta 2002ko txostenaren berri eduki arren, beste enpresa batek azterlan geologikorik egin barik emandako gomendioa jarraitu zuen obra zuzendaritzak. Horrenbestez, mendi hegaleko lurrak eusteko lanak merketzea erabaki zuten, lanen kostua 528.653,82 eurotik 103.560 eurora igaroz. Ondarroa Lantzenek baiezkoa eman zion proposamenari, eta ASTIV enpresa kontratatu zuen lan horiek egiteko.
[HONEKIN LOTUTA] Etxeetan sartzeko aukera, zapatuan [urtarrilak 28]
Mendia eraisteko orduan, bestalde, ezponda ezegonkorra zela ez zen kontuan hartu, eta horrek hainbat arazo sortu zituen.
Hainbat lur jausi. 2005ean, Altuna y Uria enpresa ezpondaren hondeaketa lanekin hasi zen, eta mendiaren finkatze lanak egiteko beste enpresa bat azpikontratatu zuen. Lan horietan,
aurreikusten ziren lanak ez ziren egin (ez zituzten drainak eta inklinometroak ipini). Indusketa lanak egiterakoan, gainera, ezpondaren erdialdean lur jausiak egon ziren.
Ondarroako San Ignazio kalea, 2001eko otsailean
2006ko otsailean, Altuna y Uriak azpikontratatutako Slece enpresak kezka agertu zuen. Slece-ren arabera, kargarako zeluletan “irakurketa altuak” jaso zituzten, eta lur jausi arriskua antzeman zuten. Haien iritziz, mendia sendotzeko lanak egin beharko lirateke agertutako pitzadurak eta hausteak ezabatzeko. Ondarroa Lantzenek eskatuta, 2006ko apirilean, Kantabriako Unibertsitateko Geoteknia taldeak basogabetzearen egonkortasuna aztertu zuen, eta
segurtasuna hobetzeko finkatze gehigarriak eta ezponda drainatzea beharrezkoak zirela ondorioztatu zuten.
Baina lanak egiterako orduan, lur jausi gehiago ere egon ziren. 2007ko apirilean, garajeak eraikitzerako orduan ere luiziak egon zirela dio txostenak.
[HONEKIN LOTUTA] Eguzkiren salaketa: “Kamiñaldeko lur jausia hondamendi ekologiko eta soziala da”
2008ko azaroan, berriz,
ainguraketan egindako ikuskatzean akatsak zeudela egiaztatu zuten. Sei ainguratze sistemak akatsa izan zuten, kargako zeluletan “tentsio handia” antzeman zuten, eta drainetatik ur asko ateratzen zela ikusi zuten. Negua igaro eta gero, 2009ko apirilean, beste berrikuspen bat egitea gomendagarria dela ohartarazi zuten, baina horren inguruko
jarraipenik ez zen egin. Udalak agindu duen txostenaren arabera, berriz, udalak ikuskatze hori egin behar zuenik ez da inon jasota laga.
2010eko abuztuan, udalak lanak bere gain hartu zituen. Astiv enpresaren aldetik
ez zen egon obra akatsik. Data hartatik aurrera, hamar urteko aseguru bermea dago etorkizuneko akatsei aurre egiteko.
KRONOLOGIA
- 80-90 hamarkadak. Ondarroako Udalak unean uneko izapideak egiten dizkie Hirigintza Planeamendurako Arau Subsidiarioei, Kamiñalde-Iturribarri urbanizatzeko.
- 2002
- Urtarrila. Kamiñazpi-Kamiñalde aurreproiektua idazten da. Ez dago lur jausi arriskua egon daitekeen ezaguerarik.
- Azaroa. Euroestudios enpresaren txosten geoteknikoak ohartarazten duenez, ezpondak geruzaka erortzeko arriskua dago. Buloiak jarri eta lur mugimendurikik dagoen antzemateko inklinometroak ipintzea gomendatzen da.
- 2004
- Martxoa. Obra zuzendaritzaren ardura duen Astiv enpresak ainguratzearen antolaketa aldatzea proposatzen du, lanen kostuak merketzeko.
- Apirila. Ondarroa Lantzenek Astiv enpresa kontratatzen du urbanizatzearen obra zuzentzeko.
- Maiatza. Astiv enpresak bategindako eraikitze proiektua aurkezten du. Dokumentu horrek, hain zuzen ere, lanak kontratatzeko oinarri modura balioko du.
- 2005. Altuna y Uria enpresak ezponda hondeatzen du. Lanak egiten dabiltzala lur jausiak daude.
- Iraila. Azterlan geotekniko batek lurra eusteko gomendioak ez direla jarraitu eta lurra ezegonkor dagoela ohartarazten du.
- 2006
- Otsaila. Ainguratzeak ipini dituen Slece azpikontratak tentsio altua dagoela eta lur jausi arrisku dagoela jakinarazten dio Altuna y Uriari.
- Apirila. Kantabriako Unibertsitateak euskarri osagarriak eta ezponda drainatzea gomendatzen du.
- 2007
- Apirila. Sogecros enpresak 17 kable ainguratze eta 13 drain ipintzen ditu.
- 2008
- Martxoa-ekaina. Astiv enpresak mendi hegaleko hormigoiztatzean eta ainguratzean akatsak daudela jakinarazten du, baina horiek gero likidazio txostenetatik kentzen ditu.
Azaroa. Ezpondako ainguratzeak berrikusten dira; sei ainguratzek akatsa daukatela ziurtatzen da. Negua igaro ondoren ikuskatzea gomendatzen da (ez da sekula egiten).
- 2010
- Abuztua. Udalak lanak bere gain hartzen ditu; lanen zuzendaritzagaz arduratu den Astiv enpresaren aldetik ez dago obra akatsik (ezpondaren jarraipena egin behar denik ez da agertzen).
- 2016
- Martxoa. Kamiñaldeko lur jausia dela eta, 176 familia etxebizitzetatik ateratzen dituzte.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia