Oraindik beraien etxeetara bueltatzeko aukerarik izan ez duten San Ignazioko bizilagunek beraien etxeetatik gauzak ateratzeko aukera izan dute gaur [urtarrilak 28] goizean. Kamiñaldeko mendi hegala jausi eta euren etxeak utzi behar izan zituzteztenetik, seigarrenez izan dute horretarako aukera.
Euren etxeetan ez dauden 84 familiek ordubeteko epea –11:00etatik 12:00etara– izan dute euren etxebizitzetan sartu-urtena egiteko, baina 42A atariko zortzi familia, ostera, aukera hori barik geratu dira. Izan ere, hezetasunak eta eraikinera sartutako urak igogailua zerbitzurik barik laga dute.
Lehenengo solairuaren eta bigarren solairuaren artean eskailera erabat txikituta dago, harritzar bat jausi zelako bertara, eta hortaz, atari horretan etxebizitzetan sartu ahal izateko beharrezkoa da igogailua erabiltzea. Goizane Zabala Saiñazio Mendi Azpixan gestorako ordezkariak azpimarratu duenez, ezusteko horren berri izatea ez da batere atsegina izan. “Bazekiten neurri batean igogailua kaltetuta zegoela, baina gaur ezin izan dira euren etxeetan sartu”.
42A atariko igogailu aurrea, beheko solairuan
Teknikariek ezin izan dute igogailua martxan ipini, eta euretariko batek azaldu duenez, garajeen parean dagoen igogailuaren zulogunean ura sartu da, eta ondorioz, hezetasuna ere handia da. “Momentu honetan, 15 bat zentimetroko altuera du urak, baina gehiago ere egon dela uste dugu. Urak utzi duen arrastoa gorago ikusten da eta”.
Dirudienez, menditik datorren ura eraikina ari da xurgatzen, eta horrek eragin ditu hezetasun arazoak
Mendia eraikinaren kontra jausita dagoenez, hezetasuna handia dela ere azpimarratu dute bizilagunek. Eta azken asteotako euriteek egoera larriagotu baino ez dute egin. Dirudienez, menditik datorren ura eraikina ari da xurgatzen, eta horrek eragin ditu hezetasun arazoak. Atari horretan, esate baterako, hezetasunak eragindako kalteak nabariak dira; beheko solairuan, igogailuaren ate aurrean, hezetasun orban handi bat dago, eta lehen solairura doazen hormetan ere hezetasuna dagoela agerian dago. Besteak beste, hormako pintura altxatzen eta zartatzen hasita dago.
Alboko atarian, berriz, teilatua ere kaltetuta dagoela adierazi dute. “Ganbaretara gauzen bila joan garenean, teilatutik ura sartuta dagoela ikusi dugu”.
Urduritasuna. Kaltetuak iazko urriaren 29an sartu ahal izan zuten azkenekoz euren etxebizitzetan, eta hiru hilabete igaro ostean, urduri eta kezkatuta sartu dira asko. Bi taldetan banatuta sartu dira bizilagunak; 40 A, B, C eta 42 A eta B atarietakoak Zamora tabernaren paretik sartu dira, eta 44 A eta B eta 46 A eta B atarietakoak, aldiz, kalearen beste aldetik.
Epeldetarrak mendiak eragindako kalteak erakusten
HITZA-k, beste kazetari batzuekin batera, 40B atariko etxebizitza batean sartzeko aukera izan du, eta laugarren solairutik, lur jausiak eragin dituen kalteak bertatik bertara ikusi. Bertatik, harriak eta lurra nonahi pilatuta ikusten dira. Lehen solairuko terrazak txiki-txiki eginda daude lur jausiaren ondorioz, eta kasu batzuetan, hirugarren solairuraren pareraino daude erorita harriak. Lehen Kamiñalderantz zioan errepidearen arrastorik ez dago; orain, harriz eta lurrez beteta dago eta.
Lotu barik. Goizane Zabala Saiñazio Mendi Azpixan gestorako ordezkariak agertu duenez, bestalde, lur jausiak kaltetutakoek “betiko kezkagaz” jarraitzen dute. “Etxera buelta egiteko egunei begira egongo ginela pentsatzen genuen, baina gauzek solte jarraitzen dute. Solte jarraitzen dute harriek, eta baita diruek ere”.
Zabalak azpimarratu duenez, euren etxeen konponketa zeinek ordainduko duen jakin barik jarraitzen dute. “Diotenez, asko gure etxeetan sartuko gara martxoaren bukaeran, baina apurtutako etxeak konpontzen ez dituzten bitartean, eta lanak zeinek ordainduko dituen enteratzen ez garen bitartean, ez dugu argi ikusten apurtutako etxeotakook noiz bueltatuko garen. Larrialdiko lanak amaitzen direnean, urgentziazko lanak egiteke lagako dituzte. Hau da, Gabonak arte ziurtatzen dute mendia dagoen modura egongo dela, baina behetik urgentziazko lanetan ondo eusten ez dioten bitartean, ez digute etorkizunerako nahikoa segurtasun ematen”.
San Ignazioko bizilagunak etxeen aurrean dagoen hesia gurutzatzen
Gestorak, bere aldetik, gauzek luzaroan “lotu barik” jarraitzen dutela ohartarazi du, eta erakundeei ados ipintzeko eskakizuna egin die, lanak zeinek eta zelan ordainduko dituen zehazteko. “Zortzi milioi euro falta dira lanak finantzatzeko, eta lanek orain arteko diru arazoekin aurrera egin baldin badute ere, urgentziazko kasuan ez dugu uste hori gertatuko denik. Urgentziazko lanak ordaintzeko dirua aurretik eduki behar da eta. Zortzi milioi lortu, eta atzeko horma ondo eusten ez baldin badute, beharbada, datorren urtean berriro irten beharko genuke, eta ez zaigu iruditzen gauzak horrela egin behar direnik”.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.