Berandu baino lehen, Ibon etxera! kanpainaren barruan gutun bidalketa masiboa martxan jartzea erabaki du Iparra Galdu Baik plataformak. Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen presoaren egoerak okerrera egiten duela ikusirik, zigorra etxean betetzea eskatzen duten
gutunak bidaliko dizkiete Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro Antonio epaileari.
Epaileak bi bidar ukatu dio preso ondarrutarrari espetxealdi arindura bueltatzea. 2015eko uztailean, esaterako, bere osasun egoera “egonkorra” dela argudiatuta eman zuen ezezkoa. Eta horri erantzun nahian,
etxe kartzela emateko hainbat arrazoi ematen dioten gutuna bidaliko diote epaileari. Besteak beste, Iparragirreren osasun egoerari buruzko hainbat datu, eta jendartean egindako hainbat eskabideren berri ematen da dokumentuan. “Dakigunaren arabera, Ibonek erretrobirusen kontrako sendagaiak hartu nahi ez dituelako hartu zuen epaileak erabaki hori. Baina edozein gaixok bere gaixotasunarentzako egokiena den tratamendua aukeratzeko eskubidea du, eta hori ez da kasu honetan bete”.
Herritarrak 2015ean egindako gutun bidalketa masiboan parte hartzen
Azaldu dutenez,
gutun bilketagaz asteburuan bertan hasiko dira Ondarroan eta Berriatuan, eta gaineratu dutenez, eskualdetik kanpora ere batu nahiko lituzkete atxikipenak. Izan ere, ahalik eta ekarpen gehiena jasotzea da plataformaren helburua, Iparragirreren etxeratzea “lehenbailehen” lortzeko. “Oraingoz, 500 kopia atera ditugu, eta horiek baino gehiago bidali nahiko genituzke. Mahaietara hurreratu ezin duen jendeak, bestalde, dokumentuaren kopia bat inprimatu, eta bere kabuz ere egin dezake bidalketa. Eta nahi duena Ondarroatik kanpora gutun bilketa egitera ere animatu nahi genuke. Zenbat eta gehiago bidali, hobeto”.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek adierazi dutenez, honako helbidera bidali daitekez gutunak:
Jose Luis de Castro Antonio
Juzgado Central Vigilancia Penitenciaria
Goia 14, 28001, Madrid
Plataformak, oraingoz, honako ordu eta tokietan jarriko ditu mahaiak: barikuan [otsailak 17], 20:00etatik aurrera, Alamedan; zapatuan [otsailak 18], 11:00etatik 14:00etara, Alde Zaharrean, eta Berriatun ere mahaia ipiniko dute eguerdian. Domekan [otsailak 18], azkenik, Alamedan eta Alde Zaharrean egongo dira, 12:00etatik 14:00etara.
Plataformak iragarri duenez, datorren asteburuan ere kanpainagaz jarraituko dute.