Saiñazio Mendi Azpixan gestorako hainbat kide gaur [otsailak 17] goizean Eusko Legebiltzarrean izan dira. “Gure arazoari aurrera egiteko Jaurlaritzak zelan lagunduko digun galdezka joan gara”, azaldu dute gestorako ordezkariek. Eusko Legebiltzarreko bost alderdietako ordezkarieki banagaz batzeko aukera izan dute. Eta nabarmendu dutenez, konpromisoak eskatu dizkiete batu diren ordezkariei.
Oro har, laister onartuko diren aurrekontuetan euren gaia kontuan edukitzeko, eta hor izan daitezkeen aukerak
bideratzen laguntzeko eskatu diete alderdiei. “Bide horretan jarrera baikorra agertu dute alderdietako ordezkariek, eta konforme geratu gara gaurko batzarrekin. Eskatutako konpromiso horiek zelan gauzatuko diren zain geratzen gara”.
Saiñazio gestorako kideak, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Argazkia: Saiñazio gestora
Era berean, kontrolerako osoko bilkura ere egin da goizean, eta bertan, gaiagaz lotutako
interpelazioa aurkeztu du Jose Ramon Becerra Carollo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak. Becerrak, hain zuzen ere, Urkullu Lehendakariari egin dio interpelazioa, eta Kamiñaldeko mendi magalean lanak egiteko behar den finantzatzea bideratzeko orduan gai hori hiru erakundeen artean koordinatzeko eskatu dio. “Jaurlaritzak ahal izan duen guztia egin du orain arte, baina egoera hau ohiz kanpokoa da. Kaltetutako familiei ezin zaie esan gaiaren inguruan ezer egin ezin denik, eta bide horretatik Lehendakariari eskatzen diogu familiei erantzun bat ematea. 17 milioi euro behar dira lanak ordaintzeko, eta ez dizuegu diru hori zuek ipintzea eskatzen. Hain zuzen ere, duzuen lidergo hori erabiltzeko eskatzen dizuegu finantzatze arazoa desblokatzeko orduan”.
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramaileak interpelazioari erantzunez, Jaurlaritzak gaiaren inguruan ez duela eskumenik azpimarratu du, eta hortaz, horretan
laguntzea zail ikusten duela adierazi du. Gaineratu duenez, Jaurlaritzak
2 milioi euroko aparteko laguntza bideratu du horretara.
HONEKIN LOTUTA: Atal berezia: Kamiñaldeko lur jausiaren inguruko informazio eta material guztia