Aztertu Programan parte hartu duten ikasleen artean banatzen ditu aipatu sariak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, eta Amorotoko eskolak azken 20 urteotan programa lantzeagatik sari berezia jaso du. Haregaz batera, Easo Politeknikoak eta Martinez Sacristan familiak egindako jardunek jaso dituzte aipamen bereziak.
Aztertu Programaren barruan, Azterkosta eta Ibaialde programak lantzen dituzte Amorotoko ikasleek. Lehenengoa Ogellako hondartzan burutzen dute, eta bertan uraren kalitatea neurtzeko eta bertako ekosistema aztertzeko zenbait laginketa egiten dituzte. “Urriaren 31an egin genuen azkena. Eskola txikia garenez, Lehen Hezkuntzako ikasle denek parte hartzen dute. Haiek oso ondo ezagutzen dute ingurua, eta oso gustora egoten dira. Asko gozatzen dute”, azaldu du Garbiñe Fernandez de Arroyabe irakasleak.
Amorotoko eskolako umeak laginketa egiten, Ogellan (Ispaster).
Argazkia: Amorotoko Eskola.
Bestalde,
Ibaialde programa herrian bertan lantzen dute. Sekuoia zuhaitzak dauden ingurura hurbildu, eta hango errekan hartzen dituzte laginak. “Teorian ikasten dutena praktikan jartzeko aukera ematen diete, eta asko ikasten dute”.
Era berean, Haur Hezkuntzako ikasleekin haientzat prestatutako unitate didaktikoa ere lantzen dute.
Zapatuan [otsailak 18]
Donostiako Aquariumean banatu zituzten Aztertu Sariak, eta Amorotoko ia ikasle guztiak egon ziren sari banaketa ekitaldian. Sariak, programa lantzen jarraitzeko “gogoa” areagotzen diela azaldu du Fernandez de Arroyabek. “Saria jasotzea oso garrantzitsua izan da umeentzat”.
Sari bereziak emateagaz batera, marrazki eta argazki digitalen lehiaketen sariak ere banatu zituzten. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak programan parte hartu duten ikasleek erakutsitako ingurumen-konpromiso handia nabarmendu zuen zapatuko ekitaldian: “Etorkizun hobe, iraunkorrago eta ingurumenaren aldetik errespetutsuago baten promesa dira, eta euskal gizarteak klima-aldaketaren aurka eta gure ingurune naturalaren babesaren alde duen inplikazioaren adierazgarri”.
2016an 23.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Aztertu programan. Horiek itsasertzaren eta ibaien tarteetako laginak hartu edota prestakuntza-irterak egin zituzten, Haur Hezkuntzarako material espezifikoak eskatuta edo lehiaketetan parte hartuta. Esate baterako, marrazki eta argazki digitaleko lehiaketek onarpen handia dute haurren artean, eta 3.750 lan bildu zituzten iaz.