Tximista atletismo taldeko atleta markina-xemeindarrak Castelloko (Herrialde Katalanak) Oropesa del Marren domeka goizean [otsailak 26] jokatuko den Espainiako Taldekako Kros Txapelketa parte hartuko du. Hain zuzen ere, txapelketa horretan parte hartzeko txartela duela bi aste Sopuertan jokatutako Euskadiko Txapelketan lortu zuen; Agirregomezkortak bigarren postua lortu zuen.
Duela bi aste pista estaliko 1500 metroko lasterketan federazioak eskatzen duen marka (5 minutu eta 2 segundo) baino lau segundo arinago egitea lortu zuen markina-xemeindarrak. “Ondorioz, martxoaren 11n eta 12an Sabadelen (Katalunia) jokatuko den txapelketan parte hartuko du Agirregomezkortak”.
Agirregomezkorta, txapelketan parte hartzen. Argazkia: Tximista.
Tximistakoek jakitera eman dutenez, domekako txapelketan Durangoko Bidezabal taldeagaz parte hartuko du markina-xemeindarrak. “Helburua da asteburu polita pasatzea eta txapelketa hauetan dauden maila altuko lasterketetan esperientzia hartzea”.
Bestalde, Tximistako kadete, gazte eta junior mailako atletak Euskadiko Pista Estaliko Txapelketa lehiatuko dute domekan Donostian. “Horien helburua da Espainiako Txapelketarako sailkatzeko beharrezkoak diren markak lortzea”.