Abokatuaren egoera aldatzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalaren 3. Zigor Aretoak. 2014ko urtarrilaz geroztik preso dago Arantza Zulueta, eta orduz geroztik, baldintzarik gabeko espetxealdian zegoen. Baina, orain, erabaki du hura aske gera daitekeela 20.000 euroko bermea ordainduz gero.
Kartzelatik fidantzapean irtenez gero,
hamabost egunero joan beharko du bere etxetik hurbilen dagoen epaitegira; pasaportea kenduko diote, eta ezingo du Espainiako Estatutik atera.
Hiru urte daramatzanez Zuluetak behin-behineko espetxealdian, epaileek uste dute
“urritu” egin dela hark ihes egiteko aukera. Epaileek argudiatu dutenez, bestalde, Zulueta abokatua dela laister egingo dute auziaren gaineko epaiketa. Prozedura “konplexua” denez, defentsa ongi prestatzeko aukera bermatu behar zaiola iritzi diote epaileek.
Arantza Zuluetaren aldeko mobilizazio bat Lekeition
Auzitegi Nazionalak aintzat hartu du, besteak beste, ETAren jardun armatuaren amaiera: “Delituak berriro egiteko arriskua gutxitu da, kontuan hartuta igarotako denbora eta ikerketapean dagoen ustezko erakundeak jarduera eten duela”. Hori horrela, epaileek idatzitako autoak dio
ez dagoela “nahikoa arrazoi” Zulueta “baldintzarik gabe” espetxean izateko.
Bakartuta. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen aurkako operazioan atxilotu zuten Zulueta, 2014ko urtarrilean, eta harrezkero espetxean izan da, bakartze egoeran. Abokatu ugariren aurkako ekinaldian auzipetu zuten Zulueta 2010ean. Fiskaltzak Halboka taldekoak izatea egotzi die auzipetuei; hau da, ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arteko “lotura” egitea, eta presoen kolektiboa “kontrolatzea”. “Erakunde terroristako kide” izatea ere leporatu zioten. Hemeretzi urteko kartzela zigorra ekatu du fiskalak Zuluetarentzat.
(Iturria: Berria)