Alerta biharko [otsailak 28] ezarri du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Jakitera eman dutenez, euskal kostaldera olatu handiak iritsiko dira datozen orduetan, eta marea biziekin bat egingo dutenez, itsasgorekin batera arriskua sor daiteke. Ohartarazi dutenez, 5-7 metro inguruko olatuak egon daitezke.
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera, Atlantikoan, Britainiako uharteen ipar-mendealdean, kokatutako depresio sakona olatu handiak ari da sortzen, eta euskal kostaldera hondoko itsas moduan iritsiko dira gaurko azken orduetan [otsailak 27], eta, bereziki, bihar [otsailak 28].
Olatu handi horien iritsierak, gainera, bat egingo du mare biziekin, eta horrek hainbat arazo sor ditzake kostaldeko herrietan. Biharko lehen itsasgora 05:40ean izango da, 4,76 metroko itsas mailarekin. Olatuek, bestalde, maila hori 6,7-7,3 metro artera igo dezaketela ohartarazi dute adituek. Bigarren itsasgora, berriz, 18:00etan izango da, 4,52 metroko itsas mailarekin, eta 6,7-7,4 metro inguru gaindi ditzake.
Eguneko bi tartetan ezarri dute alerta laranja: 04:00etatik 08:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Era berean, nabigaziorako kostako lehenengo bi milietan ere ezarri dute alerta laranja, 03:00etatik 24:00etara.