Bihartik [martxoak 2] aurrera, Lekeitioko Udalaren proiektu berrian parte hartzeko gonbidapena jasoko dute lekeitiarrek, Lekeitio
adinekoekin “herri atsegina” proiektuan parte hartzeko gonbidapena hain zuzen.
Gero eta gehiago dira 80 urte baino gehiago betetzen dituzten pertsonak, bai eta Lekeition ere. Hori dela eta, Lekeitioko Udalak Lekeitio adinekoekin adeitsua bihurtzeko proiektua bultzatzea erabaki du. “Bizitza luzeagoa oso baliabide baliotsua da. Zahartzaroa zelan bizi eta bizitza osoa zelan garatu behin eta berriz pentsatzeko aukera ematen du. Eta horrek, banakako ariketa ematen duenak, ariketa kolektiboa ere izan behar du”, dio udalak.
Udalerria adinekoentzat komunitate adeitsuagoa bihurtu eta sustatzea du helburu proiektuak.
Martxan jarri nahi den proiektu berriaren helburua, Lekeitio
adin guztientzako udalerri bilakatzea da eta, horretarako, zahartze aktiborako eta osasungarrirako baldintza egokiak sortzea eta bideak ematea. “Azken finean, Lekeitio adinarekin atseginagoa izan dadin lortu nahi da, adinekoak daukaten potentziala balorean jarriz”, azaldu dute udal arduradunek.
Proiektuaren protagonistak, adinekoak eurak izango direla azpimarratu dute, eta lan-esparru partehartzailea emango diete, “zahartze aktiborako eta osasungarrirako dakarten inguruneko elementu nagusiak eurak zehazteko”. Hala ere, proiektuan, gazteen ikuspuntua ere beharrezkoa dela ikusten dute, eta horiez gain, udaleko eta Bizitzen Fundazioko profesionalak ere izango dira bidelagun.
Talde eragilea. Proiektua gauzatzeko lehen pausoa talde eragile edo dinamizatzailea sortzea da, eta horretarako udalak herritarrengana joko du. “Herritarrak dira herriko errealitatea ezagutzen dutenak eta Lekeitio beraien erara egin nahi dugu”.
Proiektuan parte hartzeko gonbidapena
55 urtetik gorako eta
18 eta 25 urte bitarteko herritarrei zuzentzen zaie. Interesatuta daudenak, etxeko buzoian aurkituko duten orria bete eta Lekeitioko Udaleko Bulego Orokorretan entregatu dezakete edo, beraien datu eta guzti,
agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbidera bidali.
Izena eman duten herritarrekin
martxo bukaeran hasiko da elkarlanean udala. Lehendabizi Adinekoekin hiri adeitsua egitasmoaren inguruko prestakuntza edota formakuntzaren lehen saioak emango dituzte.