Gaur egungo taldearen presidente Jose Luis Salas boluntarioak Mongolian edukitako esperientziatik abiatu, eta gutxien dutenei lagundu eta haien egoera zer edo zer hobetzeko helburuagaz sortu zen 2011n La Otra Mirada laguntza taldea.
Pobrezian bizi diren umeei eta horien komunitateei laguntzeko, batik bat hezkuntzara eta lanpostuak sortzera bideratutako proiektuak garatzen dituzte; horiek martxan jartzeko diru ekarpenak egiten dituzte.
Taldeak proiektuak garatzen jarraitu ahal izateko, laguntza ekonomikoa eta boluntarioak behar dituztela azaldu dute. Horretarako, herritarrak taldeko kideekin harremanetan jarri ahal dira: Facebook bidez (
La Otra Mirada) edo posta elektronikoz (
correo@laotramirada.info)
Mongolia arin hazten doan herrialdea dela diote. “Duela gutxi arte, biztanle gehienak nomadak ziren. Orain, ostera, hirietan konzentratzen ari dira. Mugimendu horrek
langabezia eta prekarietatearen gorakada ekarri ditu”. Eta herritar askok ilegalki lan egiten dutela ere azaldu dute. “Ikatza ateratzeko meatzean lan egiten dute, bai kontsumo propiorako eta baita besteentzako. Eta lan istripu asko gertatzen dira. Umezurtz asko daude”. Horrez gain,
alkoholemia tasa ere handia dela gaineratu dute. “Askok ilegalki lan egiten dute”.
Mongolian egindako proiektuak. 2012an Alvaro Saiz galdakaoztarrak anbulantzia bat eraman zuen Mongoliara, eta taldeak lagundu egin zion. “Ekonomikoki lagundu genion”. 2013ko udaberrian ere han izan ziren elkarteko kideak eta herritarrei askotariko laguntzak eskaini zizkieten. “Urte hauetan guztietan askotariko lanak egin izan ditugu han”. Eta hor kokatzen dira ospitale zaharra berritzeko lanak ere. “Ume baten aitak ospitalea berritu eta umeak han eskolaratzeko laguntza eskatu zigun; 2016an berogailua jarri dugu eraikinean eta aurten bigarren solairua egiten amaitu nahi dugu”.
Izenaren jatorria. La Otra Mirada izena dauka taldeak, dena ondo ikusteko ikuspegi guztietatik begiratu behar dela uste dutelako. “Arazoak konpondu ahal izateko, beste ikuspegi batetik ikusi behar dira”, diote.
HONEKIN LOTUTA: