Ondarroako Kamiñazpiko parkearen parte hartze prozesuaren hirugarren saioa egingo da
Ondarroako Udalak Kamiñazpiko parkea egokitzeko egingo diren lanak diseinatzeko parte hartze prozesu bat jarri zuen abian. Eta zapatuan [martxoak 18], hirugarren saio bat egingo da, 11:00etatik 13:00etara. Zapatuko saioan, hain zuzen ere, parte hartzaileek parkearen egitura berria zelakoa izango den aukeratu ahalko dute.
Saioetan parte hartzen ari diren herritarrek Kamiñazpin zer nolako parkea edukitzea nahi duten ari dira erabakitzen. “Orain arte egindako saioetan parkean ondo dauden gauzak eta hobetu beharrekoak zeintzuk diren identifikatu dituzte herritarrek”, azaldu dute udal ordezkariek. Halaber, lehentasuna duten eginbeharrak zeintzuk diren ere bereiztu dituzte, eta orain aurrekontu ezberdinak aztertu eta parkearen diseinua erabakitzen hasiko dira.
Bide beretik, oraindik parkea eraberritzeko prozesuan parte hartu ez duten herritarrei ere zapatuko saioan euren iritzia ematera animatu nahi izan ditu udalak. “Herritarrak Kamiñazpiko parkean elkartuko diren arren, lanketa egiteko Zubi Zahar ikastolara joango dira. Bertan, 5 urtetik aurrerako herritar guztiek izango dute beraien iritzia emateko aukera”.